Urtarrilaren 8ko martxa babestu dute unibertsitate alorreko hainbat kidek

Presoek Euskal Herriko unibertsitateetan ikasteko duten eskubidea bermatzeko exijitu dute

Hainbat unibertsitatetako irakasleak, ikasleak eta langileak, EHUko Leioako campusean eginiko agerraldian, atzo. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
2010eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Egin dezagun urratsa ekimenaren eskaerekin bat egin eta euskal presoen eskubideen alde urtarrilaren 8an Bilbon egingo den manifestazio nazionalean parte hartzeko deia egin dute Euskal Herriko zein kanpoko hainbat unibertsitateetako 169 ikasle, irakasle eta langilek. Dagoeneko norbanakoen eta eragileen 3.500dik gora atxikimendu jaso ditu azaroaren 13an aurkeztutako ekimenak, eta babesak biltzen jarraitzen dute www. egindezagunurratsa.info webgunearen bidez.

EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako campusean (Bizkaia) egindako agerraldi batean, preso dauden «ikaskide, irakasle, lankide, lagun eta senideei» elkartasuna eta babesa adierazi diete unibertsitate alorreko kide ugarik. Era berean, kezka agertu dute oro har euskal preso guztiek pairatzen duten eskubideen urraketarekin; egoera hori iraultzeko «herritar ororen» konpromisoa beharrezkoa izango dela nabarmendu dute. «Euskal preso politikoen eskubideen defentsa, herritar ororen eskubideen defentsa ere badelako».

«Euskal presoen eskubideekin nahierara jokatzen dute. Hala juzkatzen dugu Frantziako eta Espainiako estatuek aplikatzen duten sakabanaketa politika; gaixotasun larriak dituzten presoak gatibu edukitzea; bizitza osoko espetxe zigorra; hiru laurdenak beteta dituzten presoak kartzelan edukitzea; bakartzea; aurrez aurreko bisitetan jasan beharreko tratu umiliagarria, elkartasunaren kriminalizazioa eta abar», adierazi dute EHUko irakasle Txoli Mateosek eta Juan Hernandez Zubizarretak, euskaraz eta gaztelaniaz irakurri duten agirian.

Hezkuntza alorreko kideak diren heinean, atzoko agerraldian parte hartu zuten herritarrek euskal presoek Euskal Herriko unibertsitateetan ikasteko duten eskubidea aldarrikatu zuten. Salatu dutenez, euskal presoek ezin dute euskaraz ikasi, ezin dute nahi duten unibertsitatean matrikulatu eta ezin dituzte egin aukeratu dituzten ikasketak. «Egoera ez da berria. Oraintxe bete dira zortzi urte Aznarren gobernuak legea aldatu eta euskal presoak Euskal Herriko Unibertsitateetan ikastea galarazi zuela», gogorarazi dute.

Horren harira, euskal presoek Euskal Herriko unibertsitateetan ikasteko duten eskubidea bermatzeko exijitu diete Espainiako Estatuari, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. «Edozein demokraziaren oinarri-oinarrizko betebeharrak liratekeenak baino ez ditugu eskatzen», azaldu dute Mateosek eta Hernandezek.

EHUko irakasleek nabarmendu dutenez, unibertsitate esparruan «adostasun zabala» dago gai horren inguruan, «eta horrela adierazten dute hainbat gobernu organoren erabakik, EHUko Gobernu-Kontseiluak eta Gizarte-Kontseiluak». «Guk geuk, euskal presoek gure unibertsitateetan ikasteko duten eskubidea gauzatu arte, lanean jarraituko dugu», gaineratu dute.

Aro berria

Egin dezagun urratsa ekimenarekin bat egin duten unibertsitateko irakasle, ikasle eta langileek nabarmendu dutenez, «aro berri baten atarian» dago Euskal Herria. Espainiako eta Frantziako gobernuei eskatu diete amai dezatela euskal presoen aurkako espetxe politika. «Euskal Herria aro berri baten atarian dagoela sinesten dugu, eta lehen premia larrikoa izan dena, orain are gehiago;ezinbestekoa iruditzen zaigu gure ikaskide, lankide, lagun eta senide diren euskal presoen egoeran berehalako aldaketak eragitea», adierazi dute.

«Espetxe politika horren» amaierak aro berri baten hasiera ekar dezakeela nabarmendu dute. «Sufrimenduzko eta bidegabekeriazko aro hau atzean utzi eta bere bidean aurrera egin nahi du herri honek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.