Urtarrilaren 8ko martxarekin bat egin dute hainbat euskal sortzailek

Presoak «trukerako txanpontzat» dituztelako Bilboko manifestaziora joateko deia egin dute

Durango
2010eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
«Ametsak kalean daude eta ameslariak ziegan». Alaia Martin bertsolariak urtarrilaren 8ko manifestazioa babesteko helarazitako mezuaren zati bat da, sakabanaketaren ondorioz zatikatuta dauden 700dik gora familia gogoan dituela. Kultur arloko 30 sortzaile inguruk euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatzeko, Euskal presoak Euskal Herrira eskubide guztiekin, egin dezagun urratsa goiburupean Bilbon egingo den mobilizazioarekin bat egin dute. Euskal idazle, musikari, eta bertsolariek agerraldia egin zuten atzo Durangon, Landako erakustazokan.

Euskal preso politikoen eskubide zibil eta politikoen urraketa salatu zuten, abestiz, bertsoz eta poesiaz betetako ekitaldian. Manifestazioarekin bat egin dutenen artean daude Lander Garro, Edorta Jimenez, Oier Guillan, Gotzon Barandiaran, Miren Amuriza, Alaia Martin, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Irati Jimenez, Laura Mintegi, Joan Mari Torrealdai, Lutxo Egia, Paddy Rekalde, Gose musika taldea, Aitor Gorosabel, Txerra Bolinaga, Igor Arzuaga, Eneritz Gorritxategi, Ken 7 eta Fermin Muguruza.

Mobilizaziora atxikitakoen arabera, euskal preso politikoak trukerako txanpon gisa dituzte. «Bizi osorako espetxe zigorren bitartez, errealitatea da presoak trukerako txanpon bezala erabiltzen dituztela lege guztietatik at, aparte eta urrun». Hain zuzen ere, horregatik salatu dute legeen aitzakiapean dituztela «zakurren pare bizitzera kondenatuta». «Diote legez nahi dituztela bizi osorako zigortu, giza eskubideak errespetatuz dituztela giltzapean».

Gaineratu dutenez, Euskal Herria zinemako kromak bezalakoa da: «Zuzendariak erabakitzen du gerra ala bakea, etorkizuna ala iragana, non gauden eta non egongo garen». Baina kasu honetan zuzendaria ez da euskal gizartea, eta horregatik, deitzaileen hitzetan nekeza eta txarra da Euskal Herriak egin ez duen gidoia behin eta berriz errepikatu beharra. Hargatik, espetxe politikak eragiten dituen eskubideen urraketak kritikatu dituzte. «Azoka handi bat dugula esaten diogu gure buruari, baina zabortegi bat baino ez dugu. Zoazte zuen azokara esaten digute, eta zabortegiaren aurrean utzi, platano azal batengatik borrokatzeko eskatuz».

700dik gora arrazoi

Urtarrilaren 8ko mobilizazioarekin bat egin duten norbanakoak hitz batek elkartzen ditu, haien esanetan: saminak. «700 arrazoi baino gehiago ditugu egunero saminduta egoteko». Jon Benito idazlearen poesia baten bitartez, deserriaz herria egiteko beharra azpimarratu zuten. Oier Gonzalez euskal preso politikoaren testu batek ere askatasun eskaera zabaldu zuen Landakora joandako 300 entzuleren artean. Hala, dei egin diote euskal gizarteari urtarrilaren 8ko manifestazioan parte har dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.