Hego Euskal Herrian INEMen bulegoetan izena eman dutenen kopurua nabarmen hazi da urtarrilean. Hain zuzen ere, abenduan baino 5.931 herritar gehiago daude lanik gabe; 103.104 lagun, zehazki. Hortaz, %7,04koa da Hego Euskal Herriko langabezia tasa.
Herrialdeka, Araba da langabe gutxien daudena, 11.349, hain justu. Eta urtarrilean ere, gainerako hiru herrialdeetan baino langabe gutxiagok eman dute izena INEMen bulegoetan(787 lagunek). Aitzitik, portzentajeei erreparatuz, bestelako ondorioak atertzen dira. Araba baita urtarrilean langabezia gehien igo den (%7,45 ) herrialdea. %6,63koa hango langabezia tasa.
Nafarroa da bigarrena. Izan ere, iazko abenduan baino 1.449 langabe gehiago zenbatu ditu INEMek. Urtarrilean %6,88ko hazkundea izan du, beraz, Nafarroako langabeen kopuruak eta, denera, 22.509 herritar dira lan barik daudenak. %6,94koa da hango langabezia tasa.
Gipuzkoak ere aise gainditu du 1.000 langabe gehiagoko muga. Zehatz esateko, abenduan baino 1.399 pertsona gehiago izan dira INEMen buelgoetan izena eman dutenak. Hilabetean langabezia%5,96 hazi dela esan nahi du horrek eta, egun, 24.862 lagun dira Gipuzkoan lanik gabe daudenak. %6,74koa da hango langabezia tasa.
Bizkaia da Hego Euskal Herrian langabe gehien dauden herrialdea, 44.474, hain justu. Baina, hura izan da 2007.urtea hasi denetik langabezia gutxien hazi den lekua. Urtarrilean 2.296 lagunek eman dute izena INEMen bulegoetan. Beraz, %5,44 hazi da langabeen kopurua. Dena den, hura da langabezia tasa handiena duen herrialdea, %7,42koa baita.
UGT ETA CCOO-K ONDORIO BAIKORRAK. Aipatu datuak nahikoa ilunak eta ezkorrak izanagatik UGT eta CCOO sindikatuek ondorio baikorrak plazaratu dituzte urtarrileko langabezia datuen inguruan. Hala, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako INEMen bulegoetan sinatu diren kontraturik gehienak mugagabeak izan direla adierazi dute. Haien esanetan, urtarrilean sinatutako kontratuen %13,71 finkoak izan dira -6.421 zehazki-, abenduan baino %53 gehiago, hain zuzen. Datua «historikotzat» jo dute bi sindikatuek.
Bestalde, langabeen kopurua haztea urte sasoi honetan beti gertatzen den zerbait dela esan dute, «gabon garairako sinatzen diren kontratuak amaitu egiten baitira». Gainera, INEMek iaz garai berean baino langabe gutxiago zenbatu dituela ohartarazi zuten.
Urtarrilean ia 6.000 langabe gehiago Hego Euskal Herrian
Langabezia tasa %6,64tik %7,04ra igo da eta, orotara, 103.194 herritar daude lanik gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu