Espainiako Espetxe Erakundeetako idazkari nagusi Mercedes Gallizok iragarri du urtarrilean zabalduko dutela Iruñeko kartzela berria. Gallizo espetxea bisitatzen izan zen atzo, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkari Elma Saizekin batera. Haiek emandako datuen arabera, lanek 100 milioi euroko aurrekontuaizan dute. «Nafarroak merezi duen mailako kartzela izango du, gure sistema demokratikoaren mailakoa. Lanak azken txanpan dira, eta ondoren hasiko dira hura hornitzen».
Nafarroan beste kartzela bat zabaltzeko beharra azaldu zuen Gallizok, oraingoa «zaharkituta» geratu baita haren ustez. Gainera, «oso zaila» omen zen berritzea. «Eraikina zaharkitua dago, eta ez dator bat XXI. mendeko kartzela ereduarekin. Parte hartzea, heziketa eta gizarteratzea ditu oinarri eredu horrek».
Bi urte inguru iraun dute espetxe berriko lanek. 75.000 metro koadro ditu, 504 ziega eta mila presorentzako tokia. «Tamaina erdikoa da, eta inolaz ere ez dugu uste erabat beteko denik». Oraingo kartzelan dauden 235 presoez gain, beste 300 eramango dituzte hara. «Nafarroan delituak egin dituzten presoak izango dira, eta Espainiako beste kartzeletan daudenak. Horiek pixkanaka joango dira iristen. Hasiera batean, oraingo presoak eta funtzionarioak egongo dira soilik».
Espetxeak bi gune nagusi ditu: gizarteratzeko zentroa eta kartzela bera. Gizarteratzeko zentroan erregimen irekian, baldintzapeko askatasunean eta egun osoan kontrolatuta egotera zigortuta dauden presoak egongo dira. Kartzelak, berriz, 76 ziegako lau modulu eta 36 ziegako sei ditu. Modulu bakoitzak, gainera, presoen prestakuntzarako ikastaroak egiteko guneak ditu.
Gallizok azpimarratu du proiektua aurrera ateratzea ez dela erraza izan. «Iruñeko Udalarekin eta Nafarroako Gobernuarekin ahalik eta adostasun handiena lortu nahi izan genuen kokapenaren inguruan». Iruñeko Udalak eremu babestu batean eraikitzea salatu zuen. Baina Espainiako Gobernuak ingurumen kalteen inguruko txostena egiteaz salbuetsi zuen Iruñeko espetxea, «presazko» egitasmoa zelakoan.
Oraingo kartzelarekin zer egingo duten galdetuta, Gallizok adierazi zuen Nafarroako Gobernuari dagokiola horri buruzko erabakia, eraikina haren esku geratuko baita.
Presoen eskubideen aldeko elkarteak aspalditik ari ziren baldintza hobeko espetxe baten beharra aldarrikatzen, baina gogor salatu dute egitasmoa. Nabarmendu dute espetxera zigortutako nafarren erdiek baino gehiagok zigorra espetxetik kanpo betatzea lortu dela eta ez dela beharrezkoa halako kartzela bat.
Langraizkoa, hil amaieran
Bestalde, hilabete bukaeran zabalduko dute Langraizko espetxe berria, Zaballako bolborategi zaharrean (Iruñea Oka, Araba). Zaharretik kilometro gutxira dago. 720 ziega ditu —72 ziegako zortzi modulu eta 36ko lau modulu—, eta 1.440 presorentzako lekua. «Egoera berezietarako» 152 ziega ere badaude.
2008an hasi ziren kartzela eraikitzen, eta ordutik soka luzea ekarri du proiektuak. Arabako Foru Aldundiak salaketa jarri zuen, eraikitzeak ingurumenean eragin zitzakeen kalteengatik.Helegiteen ostean, Espainiako Auzitegi Gorenak ekainean eman zion oniritzia proiektuari.
Presoen lekualdatzea eginda, kartzela zaharraren eraikina Iruña Okako Udalaren esku geratuko da. Alkateak ez du argituzer egingo duten bertan, baina aurreratu du turismoari lotutako zerbait ezartzea aztertzen ari direla.
Urtarrilean zabalduko dute Iruñeko espetxe berria, eta mila presorentzako lekua du
Kartzela egiteko lanek 100 milioi euroko kostua izan dute; ia 600 preso egotea aurreikusten dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu