Pandemia azkar ari da hedatzen Hego Euskal Herrian. Gaur Osakidetzak eta Osasunbidek eman dituzten datuen arabera, beste 1.272 positibo atzeman dituzte. Urtarrilaren 30era egin behar da atzera gaurkoa baino datu okerrago bat aurkitzeko. Positiboen ehunekoa ere ez da batere ona: atzo egin zituzten 12.539 probetatik %10,1ek eman zuten positibo. Beraz, OME Osasunaren Mundu Erakundeak izurria kontrolpean edukitzeko ezarritako %5eko mugatik nabarmen gora dago.
Egoera lurraldez lurralde aztertuta, Nafarroan atzeman dituzte positibo gehien: 484. Bizkaian ere 400 kasutik gora atzeman dituzte; zehazki, 404. Lurralde horretan apirilaren 28tik atzemandako kopuru altuena da. Gipuzkoan, berriz, beste 251 positibo daude, eta Araban, 94. Horietaz gain, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi du Arabakoak, Bizkaikoak edo Gipuzkoakoak ez diren 39 herritarrek positibo eman dutela.
COVID-18a azkar zabaltzen ari da Hegoaldean. Konparaketa bat egitearren: martxoaren 11n —gutxi gorabehera orduan hasi zen honen aurreko olatua— 369 kasu zeuden batez beste; handik bi astera, martxoaren 26an, 499; hau da, %36 gehiago. Azken olatuaren hasieran, berriz, ekainaren 27an, 205 kasu zeuden batez beste; handik hamabost egunera, atzo, 758; hau da, %270 gehiago. Baina ospitaleetan ez da hainbeste sumatzen. Aurreko olatuan, martxoaren 21ean hasi zen igotzen ospitaleratzeen batezbestekoa —batez beste 38,9 gaixo ospitaleratzen zituzten egunero—, eta bi asteren buruan, 55,6. Orain, kutsatu kopurua azkar igotzen ari den arren, batezbestekoaren igoera hamabost egunera hasi da nabaritzen, eta igoera ez da oso handia: ekainaren 28an, batez beste 19,9 ospitaleratu zeuden egunero, eta handik bi astera, atzo, 21. Egun, 142 gaixo daude ospitaleratuta Osakidetzako eta Osasunbideko ospitaleetan; horietatik 33 larri, ZIUetan.
Azkenaldian, izurria gazteei ari zaie erasaten, batez ere, eta ugaritzen ari dira kasuak, esaterako, ikasturte amaierako bidaiei lotuta. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik iragarri duenez, Mallorcako agerraldiak 302 positibo eragin ditu; Saloukoak (Herrialde Katalanak), 401; eta Conilekoak (Andaluzia), 42. Beste balizko agerraldi bat ikertzen ari dira Lloret de Marren (Herrialde Katalanak) egon ziren ikasleen artean. Gaur gaurkoz, 23 positibo atzeman dituzte; horietako bederatzi bertan egon ziren eta hamabost haiekin kontaktuan egondakoak dira.
Gazteak ere larri egoten dira zenbait kasutan. Sagarduik emandako datuen arabera, 15 eta 18 urte arteko gazte bat dago ospitaleratuta; 18 eta 30 urte arteko sei; eta 31 eta 40 urte arteko hamar. Horietaz gain, 14 urteko gazte bat ZIUn dago. Nafarroako Gobernuak, aldiz, gazteen kutsatze datuak eman ditu: kasuen %68 15 eta 29 urte artekoetan atzeman dituzte.
Bitartean, txertaketak aurrera jarraitzen du. Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, aste honetan 50.016 dosi jarri nahi dituzte. 18 eta 39 urte arteko herritarrak txertatuko dituzte. Osakidetza, berriz, datorren astean hasiko da 18 eta 29 urte artekoak txertatzen, baina batzuei aste honetan jarriko diete, «agenda betetzeko». Sagarduiren hitzetan, gazteen erantzuna «oso positiboa» izaten ari da. Dagoeneko 126.678 gaztek hartu dute txanda.
Neurririk ez, momentuz
Positiboen joera goranzkoa izan arren, momentuz, egun indarrean dauden neurriak mantenduko dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak esan duenez, bihar bilduko da Labi teknikoa, eta haien esanen arabera, aztertuko dute ea beharrezkoa den Labiren bilera aurreratzea —gaur gaurkoz, uztailaren 22rako dago jarrita— edo indarrean dauden neurriak aldatu behar diren ala ez.
Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko mugikortasunak ere bere horretan jarraituko du. Pasa den astean Clement Beaune Europako Gaietarako Frantziako Estatu idazkariak Espainiara eta Portugalera ez bidaiatzea gomendatu bazuen ere, orain esan du ez dutela eragotziko.