Urte baten buruan, lasaitasun bera

Hegazti gripearen H5N1 birusak kutsatutako Euskal Herriko kasu bakarra agertu zen Salburuako hezegunean orain dela urte bat; kasuaren aurreko normaltasuna da nagusi.

Jon Rejado.
2007ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Mozorroa, betaurrekoak eta jantzi zuriekin jantzitako zientifikoak, hildako txoriak eskuan, telebista guztietan agertu ziren orain dela urte bat. 2006. urteko uztailaren 7an hegazti gripearen lehen kasua, oraingoz bakarra, agertu zen Euskal Herrian, Salburuan (Gasteiz). Murgil handi bat hilda aurkitu zuten ekainaren 30ean, eta, azterketak egin ostean, N5H1 birusa zuela ondorioztatu zuten. Oihartzun handiko berria izan zen. Hegazti Gripearen EAEko Jarraipen Batzordeak agindutako kontrol guneak ezarri zituzten Salburua inguruan. Lasaitasuna nagusi izan zen, ordea. Uztailaren 8an dozenaka gasteiztarrek txangoak egin zituzten Salburuako hezegunean, betiere instituzioen gomendioak jarraituz.

Orduko lasaitasuna bizi da Salburuan zein Euskal Herrian urte baten ostean. Lasaitasuna, ez patxada. Hegazti Gripearen EAEko Jarraipen Batzordeak H5N1 kasuaren aurretik egiten zuen lan bera egiten du gaur egun ere. Neiker Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak, jarraipen batzordeko kideak, 774 hegazti aztertu ditu azken urtean. Patogenotasun handiko birusik ez dute topatu, ordea.

Egoera ez dela bat ere aldatu azpimarratu du Neikerrek H5N1 birusa zuen hegaztia agertu zenetik. Lehen kasu horretan ikasitakoak aldaketa gutxi batzuk egiteko erabilgarriak gertatu zaizkie, ordea. Heltzen ziren hegaztien analisien segurtasuna handitu dute. Bigarren mailako laborategira heltzen ziren garai batean, eta, patogenotasun handikoak zirela ikusten bazuten, hirugarren mailakora eramaten zuten. Gaur egun hegazti guztiak hirugarren mailako laborategia eramaten dira, ordea. Azken laborategi horretatik ez da ezer ateratzen, hegaztiak errausten baitituzte.



LAN ISILA. Prebentzio batzordea hegazti gripea dela eta EAEn dagoen plan orokorrago baten barruan dago, azaldu du Margarita Viciola Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko zuzendariak. «Animalien osasunera bideratuta dago prebentziorako batzordea, eta horrek hartu ditu orain arteko erabakiak, animalien gaixotasuna baino ez da eta une honetan», argitu du. Osasun publikoan 2005. urteko azken hilabeteetatik aurrera egoera ez dela aldatu azpimarratu du, orain dela urte bat H5N1 birusarekin kutsatutako hegaztia agertu arren. Euskal Herriko herritarrak kutsatzeko arriskua, modu orokorrean ulertuta, «hutsaren parekoa» dela nabarmendu du.

Oraingoz animalien gaixotasuna dela ondo ezberdintzeko eskatu du Viciolak, une honetan oinarrian hegaztiengan eragina duen gaixotasuna da eta. Dena den, Osasun Publikoko Sailak lanean jarraitzen duela azpimarratu du. Osasunerako Mundu Erakundearen (OME) hirugarren fasean dago gaixotasuna, eta horren arabera egiten dute lan; hau da, animalien gaixotasuna da, eta gizakia kutsa dezake, baina gizakien artean ez da kutsatzen. «Ez da oraindik gizakira egokitu den birusa».

Arriskurik ez dagoen arren, Jaurlaritzak prestaketak egiten ditu etorkizunari begira. Pandemia egon daiteke, baina ezin da jakin hori eragingo duen birusa izango den. «Guk prest egon behar dugu hori gertatu bitartean, agertzen denean ez baita denborarik egongo ezer asmatzeko».



HEGAZTIZAINTZAN, ERAGIN GUTXI. Hegazti gripearen eragin handiena suma zezakeen alor nagusia hegaztizaintzarena izan zitekeen. Dena den, merkatuaren hasiera bateko gorabehera batzuen ostean ez da aldaketa esanguratsurik egon. «2006. urtearen hasieran egin zuen gora eskariak, eta oilaskoengatik inoiz baino gehiago ordaindu zen», gogoratu du Javier Eraso Zurukuaingo hegaztizainak. «Hedabideek beldur apur bat sartu zuten hasiera batean, baina jendeak ez du burua galdu».





############

 

«Gobernu-ekintzak eta informazio osoa jakinaraztea nahi dute herritarrek»



Instituzioen arriskuaren analisiaren garrantzia azpimarratu du Andoni Eizagirre soziologoak
J.R.

Gasteiz

Hegazti gripeada instituzioek egoera horiei aurre egiten dieten moduaren adibidea. Arriskuaren analisian oinarritzen dira instituzioak egoera horiei aurre egiterakoan, Andoni Eizagirre soziologoak azaldu duenez. Arriskuaren ebaluazioa eta adituen aholkuen laguntzarekin neurri politikoak hartzean datza analisi hori, hain zuzen ere. Egoera horietan herritarrek egia osoa entzun nahi dute eta instituzioen aldetik ahalegin bat dagoela antzeman, Eizagirreren ustez. «Gobernu-ekintzak eta informazio osoa jakinaraztea nahi dute herritarrek. Gaixotasun berri bat agertu dela esan, eta aldi bereandena kontrolpean dagoela entzutea da herritarren susmoa sortzen duena». Behi eroen kasuan ateratako ondorio nagusia hori dela dio.

Herritarrek arriskua ulertzeko duten moduanzerikusi zuzena du arriskuaren analisi horrek Eizagirreren ustez. «Arriskuak hau esan nahi du: arriskutsua deritzoguna gertatzeko probabilitatea eta bere kaltearen tamaina». Egon daitezkeen ondorio kaltegarriak zeintzuk diren zehazteko, neurtzeko eta baloratzeko ahalegina egiten dute instituzioek. Lan hori herritarren konfiantza mailan antzematen da. Horren adibide da, Eizagirreren ustez, Eusko Jaurlaritzaren lana. «Ezohiko lana izan zen, nazioarteko aholkuak gainditu eta ikerketa zorrotzagoak eginez; horrek , eta horren komunikazioak, herritarrengan segurtasun maila bat finkatu zuen». Bide batez, alde horretatik begiratuta, hegazti gripeak ez zuen «salbuespen» portaerarik ekarri herritarren jokabidean.



HERRITARREN ANBIBALENTZIA.Gertakari zehatz bat testuinguru zabalean kokatzen dute herritarrek. «Beraien ustea da joera garaikidea helburu komertzialetara bideratuta dagoela, eta osasun eta ingurumenari dagozkion kezkak baztertzen direla». Azken urtetan elikagai krisi kasuak eman dira, eta hori ezagutza iturria da herritarrentzat. Hala, adituengan konfiantza izan arren, herritarrak desadostasuna ager dezakete hainbat kasutan, esaterako hegazti gripearenean.





############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.