Auzitegiak

Urte eta erdi eta bi urteko zigorrak Falangeko hiru kiderentzat

2009. urtean Nafarroan eginiko hainbat mehatxu pintaketaren eta 1936ko gerrarekin loturiko hainbat eskultura eta plaken aurkako erasoen egileak direla frogatu du epaimahaiak. 

2009ko abuztuan Ezkaba mendiko monolitoari eginiko erasoa. JAGOBA MANTEROLA (ARGAZKI PRESS)
jokin sagarzazu
2015eko uztailaren 30a
13:22
Entzun

Euren burua Falange y Tradicion eskuin muturreko mugimenduko kidetzat duten hiru euskal herritar zigortu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, hainbat pertsonaren eta talderen aurkako “mehatxuengatik”. Bilbon eta Sunbillan (Nafarroa) bizi den Jose Ignacio Irusta Sanchezi bi urteko espetxe zigorra ezarri dio, Orkoiengo (Nafarroa) Javier Lopez Monreali urte eta sei hilbatetekoa, eta denbora berekoa Irungo (Gipuzkoa) Borja Perez Illerari. Horrez gain, denera 9.000 euro ordaindu beharko dizkiete haien ekintzegatik kaltetutako herritar eta instituzioei. Auziaren hasieran beste hiru pertsona zeuden inputatuta, baina prozeduratik kanpo geratu ziren, aldeek hala eskatuta.

Fernando Grande-Marlaska presidente duen epaimahaiak frogatutzat eman du hiru pertsona horiek direla 2009. urtean Nafarroan eginiko hainbat mehatxu pintaketaren eta 1936ko gerrarekin loturiko eskultura eta plaken aurkako erasoen egileak, ekintzen berri ematen ziotela elkarri eta bildu egiten zirela —besteak beste, Espainiako Armadak Iruñerrian dituen piszina batzuetan.—  ekintza horietako batzuk prestatzeko.

Garai hartan jazotako eraso guztiak, baina, ez dizkiete haiei egotzi. Besteak beste, leporatu diete Orkoiengo udaleko langile baten autoan eginiko pintaketak, Dolores Ibarruri militante komunista historikoa gogoratzeko Orkoienen jarritako plakan eginikoak, Berriobeitiko hilerrikoak, Arbizuko udaletxekoak eta Ezkaba mendiko espetxean kokaturikoa monolitoa apurtzea.

Akusazio partikular gisa parte hartu duten udal batzuek eskatu zuten auzipetuak talde terroristako edota legearen kontrako erakundko kide izateagatik ere zigortzea, baina epaimahaiak ez du nahikoa frogarik aurkitu hori frogatzeko. Haien ekintzak “memoria historikoaren” aurkakoak direla dio epaimahaiak, baina ez terroristak. “Ezin da ondorioztatu erakunde bat osatzen zutenik. Soilik parametro aurrekonstituzionaletan oso ideologizatuta dagoen pertsona talde bat osatzen zutela”.

Poliziak eginiko jarraipenetan eta haien etxeetan atzemandako agiri eta objektuek frogatuko lukete haiek direla leporatutako ekintzen egileak. Besteak beste, Lopez Monrealek bere funtzionario lana baliatzen zuen zenbait informazio eskuratzeko. Zigortutako hirurak 2009ko urrian atxilotu zituzten eta hilabete egin zuten espetxean; 10.000 euroko bermea ordainduta utzi zituzten aske, behin behinean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.