Donostiako auzitegiak urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri die Ordiziako lau gazteri, 2008ko Santa Ana jaietan izandako istiluen harira. Agintarien aurka oldartzea, desobedientzia eta lau ertzain zauritzea leporatzen zien fiskaltzak, eta denera hamasei urteko kartzela zigorra eta 7.000 eurotik gorako isuna eskatzen zuten haien aurka. Auzipetuek ohar baten bidez jakinarazi dutenez, kartzelara joateko arriskuaren aurrean, adostasun hori onartzera "behartuak" izan dira.
Joseba Oiarbide, Eneko Gonzalez, Urko Toledo eta Inhar Alvarez de Eulate dira lau gazteak. Azkenean, urte eta erdiko kartzela zigorra eta 30na euroko isuna jaso du bakoitzak. Gonzalezek eta Oiarbidek beste 400na euro ere ordaindu beharko dituzte, Ertzaintzako agenteak zauritzeagatik. Zigortuek adierazi dutenez, "egiazkoak ez diren" gertaera batzuk "onartu behar" izan dituzte, kartzela saihesteko. "Eurek asmatutako auzi batengatik, guztioi bi urtetik gorako kartzela zigorra eskatzen ziguten", adierazi dute. Horregatik, "euren burua defendatzeko" aukerari "uko egitera behartuak sentitu" direla esan dute.
Epaiketaren ostean baieztatu dute laurek onartu behar izan dutela "agintarien kontra atentatu izana", nahiz eta haietako biri bakarrik leporatzen zieten: "Kondena baxuagoa izan dadin eta gutako inor kartzelara joan ez dadin". "Gezurrezkoak" diren gertaera batzuengatik urte eta erdiko zigorra onartzea "lotsagarria" bada ere, "ezinbestean" egin beharrekoa suertatu zaiela adierazi dute, "ondorio latzagoak" jasan nahi ez bazituzten.