Sexu erasoa

Urte eta erdiko kartzela zigorra sanferminetako sexu erasoaren «ibilbide turistikoa» iragarri zuenari

Iruñeko 1. Zigor Epaitegiko magistratuak argudiatu du biktimaren estres egoera larriagotu zuela webguneak

Sanferminetako erasoa salatzeko protesta, iazko ekainean, Iruñeko udaletxe plazan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ion Orzaiz.
2019ko abenduaren 10a
14:11
Entzun

Iruñeko 1. Zigor Epaitegiak urte eta erdiko kartzela zigorra eta 15.000 euroko kalte-ordaina ezarri dizkio 2018ko abenduan Tour la Manada izeneko webgunea sortu zuenari. Akusatuak —39 urteko gizonezkoak— 2016ko sanferminetako talde bortxaketan girotutako «bisita turistiko gidatuak» iragarri zituen webgune hartan.

Akusazio partikularrarekin bat egin du epaileak, eta ebatzi du ezen, bisita gidatuak argitaratuta —horiek faltsuak izanda ere—, auzipetuak kalte egin ziela bortxaketaren biktimaren buru osasunari eta «integritate moralari»: «2016ko uztailaren 7ko gertaerez geroztik, traumaren osteko estres sindrome kronikoa du, eta gaitz hori larriagotu egin zuen webgunearen sorrerak». Zehazki, webgunea ikusi ostean, emakumezkoak «botikak hartu behar izan zituen berriz», eta aurtengo maiatzera arte «ez du nolabaiteko normaltasun egoera berreskuratzerik izan».

Azaroaren 26an egin zuten epaiketa: akusazio partikularrak gorroto delitua eta integritate moralaren aurkako delitua egotzi zizkion akusatuari. Hiru urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra, 4.050 euroko isuna eta 20.000 euroko kalte-ordaina eskatu zituen. Fiskaltzak, berriz, absoluzioa galdegin zuen.

«Ez da txantxa bat, umiliazioa baizik»

Foruzaingoak ofizioz hasi zuen ikerketa baten ondorioz abiatu zen ikerketa judiziala. Txosten horrek argitu zuen 2018ko abenduaren 3aren eta 5aren artean auzipetuak iragarki bat argitaratu zuela webgune batean, eta iragarki horrek proposatzen zuela sanferminetako erasotzaileek emakume bat taldean bortxatu zuten gauean egin zuten ibilbide bera egitea. «La Manada taldeko bostek euren argazkirik famatuena egin zuten tokitik, Zezen Plazaren aurrean identifikatu eta atxilotu zituzten tokiraino», zioen iragarkiak.

Webgunea eta bisita gidatuen iragarkia bolo-bolo ibili zen sare sozialetan, eta kritika gogorrak jaso zituen. Auziak eztanda egin eta gero, webgunearen sortzaileak argudiatu zuen bere helburua zela «hedabideek bortxaketaren auzian jokatu duten rola» salatzea. Epaiketan ere bertsio horri eutsi zion akusatuak: «Hau txantxa bat izan da; biktimak berak eta haren abokatuak sinetsi dute». Iruñeko Zigor Epaitegiko magistratuak, baina, ez du argudio hori ontzat eman: «Salatzaileak sentitu zuen [webgune hark] agerian uzten zuela bere sufrimendua, banalizatu egiten zuela, eta ustezko kritika edo txantxa baten izenean erabiltzen zuela, bere duintasunarekiko mespretxu argiaz».

Epaiketak iraun zuen bitartean, salatzaileak honela azaldu zuen zer sentitu zuen webgunea ikustean: «Nire lepotik trufaka ari zirela iruditu zitzaidan». Planteamenduak berak «lotsa» eta «umiliazioa» sentiarazi zizkiola gaineratu zuen, eta horren ondorioz aurretik zituen sintomak larriagotu zitzaizkiola; besteak beste, antsietatea, insomnioa, goragalea eta palpitazioak. Haren terapeutak azaldu zuen, bestalde, biktimak uko egin ziola unibertsitatera joateari edota kalera ateratzeari, «norbaitek ezagutuko zuen beldurrez».

Magistratuaren irudiko, horrek guztiak frogatzen du bortxaketari buruzko bisita turistikoak iragartzen zituen webgune hori ez zela izan txantxa edo kritika hutsa, «biktimaren umiliazioa eragin zuen integritate moralaren kontrako delitu bat baizik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.