Azal zuria, azal bustia, baina beltz, lehor dago oraindik. Hondarribian (Gipuzkoa) 11,6 litro metro koadroko, Donostian 12 litro, Iruñean 2,6 litro eta Gasteizen 1,5 litro. Urtarrilaren 1etik 20ra arteko prezipitazio kopurua da. Urtarrilean Iruñean 74 litro egin ohi ditu, eta urtarrilaren 20ra arte 2,6 litro besterik ez zuen egin. Tuteran ere antzera; 26,7 egin ohi ditu eta 1,8 egin ditu...
Udako hilabete lehorretako datuen parekoak izan dira urtarrilaren hastapenekoak. Lurrak barrua lehortuta dauka oraindik. Urtegiek lehorte hasierako egoeran ekin zioten urteari, orain lauzpabost egun lehorte egoeran sartu ziren, baina azken egunetako eurite eta elurteak etengabeko beherakada hori eten du. Izan ere, Gasteizen urteko lehen 20 egunean 1,5 litro euri egin ditu metro koadroko, baina azken hiru egunetan 28 litro bildu dituzte. Donostian, 67,5 litro, eta Hondarribian, 66,6.
Baina lurraren bihotza lehor dago oraindik. Neurri handi batean, iazko datuak oso kezkagarriak izan zirelako dago oraindik lehor. Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren urteko txostenak zehazten duenez, iazkoa «oso urte lehorra» izan zen. «Tokirik gehienetan ohi baino %30 euri gutxiago egin zuen. Martxoa bakarrik izan zen hezea, baina gainerako hilabeteetan batez beste egin ohi duen euri kopurutik behera ibili zen».
Eta prezipitazio urrien erakusgarri, urriko, azaroko eta abenduko datuak. Iruñean 77,3 litro euri egin ohi ditu urrian, batez beste, baina iaz 49,5 litro egin zituen; azaroan 88 litro egin ohi ditu eta 51,7 egin zituen. Donostian ere, 162,7 litro euri egin ohi ditu urrian, eta iaz 110,1 egin zituen; abenduan, berriz, batez beste, 167 litro egiten ditu, eta iaz metro koadroko 81 litro egin zituen... Ondorioa? Lurrak lehor daude, urtegiak ur faltan, uraren hornidura koloka...
TENPERATURAK, 1,5 GRADU ALTUAGO. Lurrak lehor, egarri, eta tenperaturak inoiz baino altuago. «Ohiko tenperaturak baino 1,5 gradu altuagoak izan ziren iazko urtekoak. 1995, 1997 eta 2003. urteekin batera, azken urteetako urte lehorrena izan da». Bilbon, esaterako, iazko urteko batez besteko tenperatura 16,1 gradukoa izan zen; 2005ean, berriz, 15,2koa, eta 2004an, 15,1ekoa. Arrasaten (Gipuzkoa) iazko batez besteko tenperatura 13,9 gradukoa izan zen; 2005ekoa, 12,9koa, eta 2004 eta 2003koa, 12,8koa.
Eta urteko batez besteko tenperatura horiek baino are esanguratsuagoak dira aurtengo lehen hamabostaldikoak. Lasarte-Orian (Gipuzkoa) urteko lehen hamabost egunetako batez besteko tenperatura 12 gradukoa izan da; iaz, berriz, 8,4koa, eta 2005ean 9,8koa. Arrasaten, aurten 9,6ko batez besteko tenperatura izan dute urtarrilean, iaz 6,1ekoa eta 2005ean 7,1ekoa. Iazko urtea eta aurtengoaren hasiera lehorrak eta epelak izan direla, alegia, eta egunotako eurite eta elurteek egoera larria apur bat baretu besterik ez dutela egin. Lurrari azala busti eta zuritu zaio, baina barrua lehor, beltz dago.
Urte lehorra arintzeko, elur gozoa
Urritik oso euri gutxi egin du, eta tenperatura ere oso altua izan da; elurteak egoera arintzen lagundu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu