Urtean 1.625 emakumeri atzematen diete bularreko minbizia Hego Euskal Herrian

Prebentzio programak murriztea ekarriko lukeen «atzerapausoaz» ohartarazi dute kaltetuen elkarteek

ainara arratibel gascon
2012ko urriaren 18a
00:00
Entzun
1.625 emakumeari atzematen diete urtero bularreko minbizia Hego Euskal Herrian. Kasuak gora doaz, batez ere emakume gazteen artean. Baina datu horien gainetik, bada baikor egoteko beste bat: gaixoen %90 sendatu egiten dira. «Hainbeste emakumek gaixotasuna gainditzea lortu badute, minbizia garaiz atzeman dietelako da. Hori prebentzio programei esker lortu da; beraz, eskatzen dugu horietan mozketarik ez egiteko. Bestela, aurrean izango gaituzte. Minbizia gainditzea egokitu zaigu, eta borrokalariak gara», adierazi du Gipuzkoan bularreko minbizia izan duten emakumeak biltzen dituenKatxalin elkarteko lehendakari Txaro Beobidek. Antzera mintzatu da Nafarroako Saray elkarteko kide Tere Saez. «Mamografiek biziak salbatzen dituzte, eta guk apustu argia egiten dugu biziaren alde».

Bihar da Bularreko Minbiziaren Mundu Eguna. Murrizketen mamua gertu ikusi dute elkarteek, Espainiako Gobernuak prebentzio programak arrisku taldeetara mugatzeko asmoa zuela zabaldu baitzen orain hilabete batzuk; azken batean, oinarrizko zerbitzuen zerrendatik atera nahi zuela. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak hitzeman diete ez dutela programa hori kenduko. «Baina ikusi beharko da Espainiako Gobernuak murrizketaren bat aginduko balu zer gertatuko litzatekeen», esan du Saezek.

Horren arriskuaz ohartaraziko dute, hain zuzen, bihar egingo dituzten ekimenetan. Sentsibilizazioa sustatzeaz gain, hori izango da aurtengo aldarrikapen nagusia.«Azken hamarkadetan egin diren urratsetan atzera egitea litzateke programak kentzea», salatu du Beobidek. Zerbitzu hori emakumeei eskubide gisa bermatu behar zaiela aldarrikatu du Saezek. «Gu ez gara sartzen zein sistema erabili behar den horretarako: mamografiak, erresonantzia magnetikoak, ekografiak... Bainaaldarrikatzen dugu adin batetik aurrera emakume guztiei egin behar zaizkiela aldizkako kontrolak. Ez egitea arduragabea eta zentzugabea da».

Osakidetzak 1995ean abiatu zuen prebentzio programa, 50 eta 69 urte arteko andreen artean. Bi urtetik behin mamografiak egiten dizkiete adin tarte horretako emakumeei, eta arrisku taldean daudenek aukera dute urtero egiteko, familia medikuari eskatuta. Iaztik, gainera, beste programa bat dute 40-49 emakumeentzat. Andre horiei eskutitz bat bidaltzen diete, minbizia izateko duten arriskua ezagutzeko. Gaitza izateko arriskua duten taldean daudenei —hau da, zuzeneko senideren batek bularreko minbizia izan badu—probak egiten dizkiete. Mamografiak beharrean, bestelakoak izaten dira. Izan ere, adin tarte horretan bularrek zuntz handia dute; trinkoagoak dira. «Beraz, diagnostikoa zailagoa da, eta mamografiekin arriskua dago benetakoak ez diren positiboak azaltzeko», zehaztu du Beobidek. Pozik daude horrekin guztiarekin. «Ospitaleetako eta Donostiako Onkologikoa zentroko profesionalak primerako lana egiten ari dira. Minbizia diagnostikatzen zaienetik, gainera, eriek bi aste itxaron behar izaten dute, gehienez, ebakuntza egiteko».

Nafarroan, ordea, kexu dira. Saez: «Hilaren 11n gertatu zitzaidana ekarri nahi dut gogora. Onkologoaren kontsultan geunden lau emakume. Bularreko minbizia izan ostean aldian behin egin behar izaten ditugun azterketak egiteko zain geunden. Azterketa hori egiteko zain sei hilabete eta bi urte artean generamatzan. Hori astakeria bat da. Emakume batek ezin du itxaron horrenbeste. Ikaragarrizko larritasuna dakar horrek. Izan ere, beti duzu gaixotasuna berriz agertuko ote den beldurra».

Bestalde, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, bularreko minbizia diagnostikatzen dieten emakumeek 21,5 egun itxaron behar dute ebakuntza egiteko. Hori ukatu du Saezek: «Gure elkartera etorri dira emakumeak ebakuntzarako egunik gabe irteten direnak osasun etxetik; beste batzuek, berriz, bost eta sei aste artean egon behar dute zain». Ebakuntza eta gero kirurgia plastikoa behar izanez gero, urtebete itxaron behar izaten dutela jakinarazi du Saezek. «Horrek emakumearen osatze aldia luzatu besterik ez du egiten. Izan ere, oso garrantzitsua da psikologikoki ez ezik, fisikoki eta estetikoki ere emakumeak bere burua ondo ikustea».

Bestalde, salatu du 30 eta 44 urte arteko emakumeentzako zegoen programa kendu egin dutela. «Hori kezkatzekoa da, gero emakume gazte gehiagok baitute bularreko minbizia», salatu du. Bularreko minbizia duten andre gazteek bestelako arreta bat behar dutela gogorarazi du. «Horietako asko seme-alabak izateko adinean daude, eta, kimioterapia jaso dutela kontuan hartuta, azterketa genetiko bat eta lagundutako ugalketa tratamendu bat behar izaten dute. Onartezina litzateke halako zerbitzuak oinarrizkoen zerrendatik kentzea», defendatu du Saezek. Arreta integral baten alde egin dute biek.

Baikortasun mezua

Dena den, mezu baikor bat eman nahi izan dute: bularreko minbizia gainditu egiten da. «Nik duela urte asko pasatu nuen, eta ez du zerikusirik gaur egungo egoerarekin. Bularreko minbizia izateko une bat badago, orain da. Tratamenduek nabarmen egin dute hobera, ez dira horren erasokorrak. Gainera, prebentzio programetan aurrera egin da», esan du Beobidek.

Ados dago horrekin Saez, eta beste ohar bat egin du. «Jarraitu behar dugu bularreko minbiziaren errealitatea ikusgai egiten. Bularreko minbizia duten emakumeek ezin dute ezkutuan egon, garai batean gertatzen zen moduan. Gizarteak minbizia normal hartzea nahi badugu, ikusgai egiten jarraitu behar dugu. Hori da azken urteetako lorpen handienetakoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.