Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak Urteberriko Saria atera du, Euskal Herri osoan salgai dagoen zozketa. "Erabakiaren aroa sostengatzea" du helburu, dinamikaren aurrera begirako proiektua finantzatzea eta, era berean, "nazio izaera duen errifa-loteria indartsu bat" martxan jartzea: "Erabakitzeko ilusioa eta nahia areagotzen ari dira eta orain, inoiz baino gehiago, borondate horri bide emateak duen lanaz eta kostuaz kontziente izan behar gara".
Zu irabazle, denok irabazle leloa jarri dio dinamikak kanpainari. Nabarmendu du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak igarota, "erabakia egikaritzeko bidean aukera berriak sortzen" ari direla eta bide horretan herritarren ekarpena "erabakigarria" izango dela: "Ekarpen hori egin ahal izateko, erabakiaren bideak herritarron babesa behar du. Eta horregatik, Urteberriko Saria garrantzi handiko ekimena izango da datozen hilabeteetan, bai dinamikarentzat eta baita euskal herritarrontzat ere".
11 sari banatuko dituzte; nagusia, 30.000 eurokoa, eta 1.000 euroko hamar. Zozketa notario aurrean egingo da saldutako txartelen artean, urtarrilaren 16an. Sari banaketa otsailaren 18an egingo da Beasaingo Igartza jauregian.