Gaur egun haurren artean sortzen den mugitzeko elbarritasun kausarik ohikoena burmuineko paralisia da. Gaitza azkar antzemanez gero pertsonaren etorkizuneko autonomia handitzeko lan egin daitekeela gogorarazi dute Gasteizen, Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak antolatutako jardunaldietan. Lehen hilabeteetan umeek dituzten zenbait jokabide patologiko «berriro hezi» daitekeela azaldu duDavid Alonso del Palacio doktoreak. Alonso del Palaciok eskarmentu handia du haur neurologian. Errehabilitazio medikua da gaur egun, eta Gipuzkoako Aspace elkarteko zuzendari medikua da.
Zer-nolako garrantzia du burmuineko paralisia garaiz antzemateak?
Alde batetik, lana lehenago has dezakegu lehen garai horretan. Bizitzaren lehen etapan umeen garuna oso plastikoa da, erraz molda daiteke. Horrez gain, gurasoek jaioberriaren lehen hilabetetan medikuz mediku egiten duten bidea saihestuko litzateke.
Zein zentzu hezi daitezke berriro?
Umeak zer duen argitzen saiatzen diren bitartean, gurasoei inork ez die esaten zer behar duen. Haurra txikia denean moldagarria da. Jarrera batzuk egokitu daitezke, alterazio motorrak, egoera batzuk hobeto ikas ditzan egokitu daiteke umea: jatea, lo egitea... 10-12 hilabetetan jokabide patologiko horiek ez baditu zuzendu, finkatu egiten dira.
Zer behar da antzemate azkarra hobetzeko?
Umeen tratamendua egiten duten zentroek ondo funtzionatu behar dute, eta, horrez gain, ospitale eta zentroen artean lotura egon behar du, pediatra eta profesionalen arteko lotura ere ona behar du izan: neurologoak.
Euskadiko Fisioterapeuten Elkargoko presidenteak «asistentzia eskasiaz» hitz egin du.
Tokiaren arabera gauzak aldatzen dira. Aspacek Gipuzkoan duen egitura ezohikoa da: profesional, azpiegitura, instituzioekin dituen hitzarmenak... Irizpideak bateratu beharko genituzke ildo komunak jorratzeko.
Elkarteen mugimenduaren ondorioa izan al daiteke sare on hori?
Oso erraza da esatea dagoen asistentzia nahikoa dela dagoen moduan, eta ez dugu pentsatzen hobea izan daitekeela, hobeto koordina daitekeela baizik. Horretarako, hitzarmenak beharko dira, baita inbertsio publikoa handitzea ere.
Burmuineko paralisia tratatzeko bat egiten dutenen lan bateratuaren garrantzia nabarmendu duzu. Horretarako inbertsioa behar al da?
Horretarako borondatea behar da, eta talde horrek egingo duen lana garrantzitsua dela barneratzea.
Zein da fisioterapiak duen garrantzia burmuineko paralisia artatzeko sistemen artean?
Artatzeko sistemak fisioterapia, logopedia, pedagogia eta terapia okupazionalak dira, batez ere, eta guztiek mugak dituztela jakin behar da. Hasieran, haurretan, fisioterapeutaren lana funtsezkoa iruditzen zait, umearen motrizitatea antolatu behar delako ezer baino lehen. Alor horretan fisioterapeutek dute ezagutzarik handiena.
Aurrera begira garrantzi hori aldatzen da?
Adina aldatu ahala beharrak ere alda daitezke. Logopedek garrantzia dute aurrera egin ahala, eta terapeuta okupazionalek zuzendu beharko dute pertsonaren funtzionalitatea: nola jan, nola jantzi...
Aipatu duzu tratamendu kontserbatzaileak daudela, baita botikak eta kirurgia ere, kasu bakoitzean sor daitezkeen osasun arazoak sendatzeko. Zelula amekin egiten ari diren lan ildo berriek erabilerarik izan al dezake etorkizunean?
Arazo neurologiko baten ondorioz sortu den zerbait denez, zelula amen gaiak erabilera txikia du, nire ustez. Dena den, gaitz horrekin lotutako beste gaitz batzuengan erabilera izan dezake: giharren gaitzak, metabolikoak eta abar.
David Alonso del Palacio. Errehabilitazio medikua
«Urtebete baino lehen zuzendu daitezke jokabide patologikoak»
Bi mila jaioberrien artetik ia bostek dute burmuineko paralisia. Hasieratik funtsezkoa da fisioterapia tratamendua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu