ETAren su-etenaren urteurrenean ezker abertzaleak aurrerapausorik ez ematea leporatu dio gaur goizean Espainiako Gobernuari. Txelui Moreno, Miren Legorburu, Niko Moreno eta Tasio Erkizia ezker abertzaleko kideek Gobernua immobilismoan eta blokeoan finkatu dela salatu dute, Bilbon egindako agerraldian, eta horren adibide urtebetean su-etena egiaztatzeko ezer egin ez izana aurpegiratu diote, "horretarako bidean irekita izan arren".
"Gobernu espainiarrak ez du Brusela eta Gernikako adierazpenek eskatzen zuten norabide eraikitzailean urrats bat bera ere eman. Aitzitik, Ezker Abertzalearen apustu politikoa baldintzatzen saiatu da, horretarako legez kanporatzeak, atxiloketak eta torturak baliatuz", esan dute ezker abertzaleko kideek.
ETAk erakutsitako borondateak presoen askatasunaren, iheslarien etxeratzearen eta egitura militarren desegitearen inguruko adostasuna bilatzeko prozesuari ekitea ahalbidetzen duela ere esan dute.
"ETAren erantzun positiboa"
Aldiz, urtebete honetan Bruselako eta Gernikako adierazpenei ETAk erantzun positiboa eman diola iritzi diote eta horrek "ezker abertzalearen ekimenek eta konpromisoek ahalbidetu duten agertoki politikoa" indartu duela esan dute. Bide batez, Zutik Euskal Herria ebazpenean ezker abertzaleak egin zuen hautua berretsi dute: "Soilik bide politiko eta demokratikoetatik garatu daiteke estrategia independentista".
ETAk irailaren 5ean iragarri zuen eraso ekintza armatuak ez egiteko erabakia, eta "behin betiko aterabideetarako prozesuan atzera bueltarik gabe aurrera egiteko" baldintza nahikoak sortu direla esan dute Bilbon: "Bai gatazkaren ondorioei dagokienez bai eta gatazka politiko historikoari konponbide politiko eta demokratikoa ematea ahalbidetuko duen alde-askotako elkarrizketa politikoari dagokionez".
Ezker abertzaleak konponbiderako aukeraren kudeaketa partekatzea eskaini die beste eragile politikoei, baina aldez aurretik Sortu legeztatzea eta mugimendu independentistaren jardun politikoaren aurkako jazarpen eta kriminalizazio estrategiaren amaiera eskatu du.