Urtebetean %31,4 jaitsi da Hego Euskal Herrian etxebizitzen salerosketa

Iazko ekaineko datuekin egindako alderaketan, Nafarroan izan da beherakadarik handiena, %43,1ekoa

ARANTXA IRAOLA DONOSTIA
2008ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Etxebizitzen salerosketan beherakada handia gertatu da Hego Euskal Herrian. Ekaineko datuen berri eman du INE Espainiako Estatistika Institutuak, eta agerian utzi du, iazko ekainarekin alderatuta, jaitsiera argi eta garbia dela. Iazko ekainean 2.898 salerosketa ziren lau herrialdeetan, eta aurten 1.986. Hego Euskal Herri osoa aintzakotzat hartuta, oro har, bi hilabeteen arteko alderaketa eginda, beherakada %31,4koa da. Probintziaz probintzia, jaitsierarik handiena Nafarroan izan da, %43,1ekoa; eta txikiena, berriz, Araban, salerosketen beherakada %5,2koa izan baita bertan.

Hilabetez hilabete etxebizitzen salmenta behera ari da azkenaldi honetan, eta joera horren erakusle dira datu hauek. Urte hasieran, iazko urtarrileko datuekin egindako alderaketan, beherakada%26,5ekoa zen. Ekaineko datuetan, salerosketa ia beste bost puntu jaitsi da. INEk zabaldutako datuen arabera, ekainean egindako salerosketa gehienetan, merkatu librera jo zen. Soilik 377 etxebizitza babestu salerosi ziren. Etxebizitza berri eta bigarren eskukoen artean,berriz, alde handirik ez; 928 etxebizitza berri salerosi ziren, eta 1.058 bigarren eskuko.

Jaitsiera hau testuinguru zabal batean ulertu behar da. INEk atzo plazaratutako datuetan ikusten da, Espainian, Galizian eta Herrialde Katalanetan ere, oro har, aski nabarmen ari dela jaisten etxebizitzen salerosketa. Datu guztiak aintzakotzat hartuta, beherakada %29,6koa dela esan dute. Hego Euskal Herriko datuaehuneko hori baino bi puntu gehiago da.

Maiatzeko datuetan, INEren datu orokorretan, 10.000 biztanleko 130 etxe saldu ziren batez beste, eta Nafarroa (96), eta Euskal Autonomia Erkidegoa (86), biak, batez besteko horretatik behera geratu ziren.



EAren kexua Donostian

Donostiako Eusko Alkartasuna alderdiko zinegotziek kezka azaldu zuten atzo. Haien ustez, alokairuzko babes ofizialeko etxeetan, luzapenak eman aurretik, maizterren gaineko ikerketa zorroztu egin behar delako. Diotenez, luzapena eman aurretik etxea errentan hartzeko bete behar diren baldintzak betetzen jarraitzen duten aztertu behar da.

EAko zinegotzien arabera, zenbait maizterren gaineko «informazioek» zalantzak eragin dizkiete, iruzurrak gertatzen ari diren susmoa baitute. Horien inguruan argibideak ematea ezinbestekoa dela diote. «Udaletxeak ez du inolako kontrolik egiten», salatu dute, eta «gardentasun eta argitasun osoa»eskatu dute.



Hipotekei buruzko datuetan ere, jaitsiera nabarmena

Etxebizitza erosteko hipoteketan ere beherakada nabarmena erakusten du atzo INEk plazaratutako beste datu sorta batek. Aurtengo ekainean 445 hipoteka hitzartu dituzte Hego Euskal Herrian etxebizitza erosteko, eta, iazko datuekin alderatuz, beherakada bereziki nabarmena izan da Nafarroan, %27,7koa. EAE Euskal Autonomia Erkidegoan, oro har, jaitsiera askoz ere txikiagoa izan da, %3,06koa. Nafarroan batez beste 166.972 euro mailegatzen dira etxea erosteko; EAEn, 201.715.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.