Espainiako Auzitegi Nazionalak zigortu egin ditu Gernikako alkateorde eta jaietako zinegotzi Jesus Maria Alberdi eta Francisco Javier Etaio diseinatzailea: bakoitzari urtebeteko espetxe zigorra eta zazpi urteko inhabilitazioa ezarri die, Gernikako iazko jaien egitarauaren argitalpenean Busturialdeko bederatzi presoren argazkiak jartzeagatik. Fiskalak bakoitzarentzat urte eta erdiko kartzela zigorra, hamar urteko erabateko inhabilitazioa eta bost urtez Gernikan bizitzeko debekua eskatu zuen. Defentsako abokatuak, aldiz, biak absolbitzeko eskaera egin zuen.
Fernando Garcia Nicolas buru izan duen epaimahaiaren aburuz, jai egitarauan presoen argazkiak argitaratu izana «terrorismoari gorazarre egitea» da, eta bi auzipetuak kondenatzen ditu, lehena jaietako zinegotzi izanda jai egitarauaren argitalpenaren erantzule nagusi delako, eta bigarrena argazkiak muntatu zituelako.
Honela dio epaiak: «Epaitzen dugu pertsona baten argazkia beste batzuenekin batera erakustearen helburua haien izendatzaile komun terrorista nabarmentzea dela, betiere haien artean izendatzaile bakarra talde terroristako kide izatea edo terrorismoarekin harremana izatea denean. Eta, bestalde, argazkiak sartzea ekintza kaltegabea baino gehiagoirudietan agertzen direnen merituren bat edo ekarpenen bat nabarmentzea denez, kontuan hartuta argazkietako denen ezaugarri komuna profil terrorista hori dela, horixe nabarmenduko da, eta horri eransten bazaio argazkiei lotutako testua, epaitzen dugu gorazarre egiteko helburu hori frogatuta geratzen dela. Eta berdin dio hori bateragarri izatea, edo ez, beste helburu erreibindikatibo batzuekin, bereziki presoak sostengatzeko direla diotenekin, horiek egin nahi badira legedia urratu gabe egin behar direlako».
Azaroaren 4an egin zen epaiketa Madrilen, eta han, Alberdik esan zuen jai batzordeak ez duela kontrolatzen egitarauaren argitalpena eta haren berri argitaratu eta banatu ostean izan zuela. Gernikako alkate Jose Maria Gorroñok ere berretsi egin zuen alkateordearen deklarazioa, lekuko gisa hitz egin baitzuen epaiketan.
Etaiok, berriz, onartu egin zuen berak diseinatu zuela presoak ageri diren orrialde hori baina «maitasun osoz» egin zuela. Eta «terrorismoari gorazarrerik ez» diola egin, bere helburua euskal presoen sakabanatzea eta haien eskubideen urraketak salatzea zela.
Beste hainbat herritan bezala, 2009ko sanrokeak gorabehera ugarikoak izan ziren: argazkien polemikaz gain, Auzitegi Nazionalak pregoia debekatu zuen, errugbi taldeak eta Etxerat-ek bota behar zutelako;urtero euskal presoen eskubideen alde egiten den kalejira ere debekatu egin zuen.
############
############
Urtebeteko kartzela eta zazpi urteko inhabilitazioa Gernikako alkateordeari
Jesus Mari Alberdiri ezarritako zigor bera jaso du Francisco Javier Etaiok, «terrorismoa goratzeagatik»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu