Politika

Urtebeteko kartzela zigor eskaera udaletxean sartzeagatik

Euskal Herriko herri plataformetako 60 bat ordezkari Andoaingo udaletxera sartu ziren 2004ko urrian, “apartheid politikoa gainditzeko” asmoz. Gaur egin dute haietako zortzi kideren kontrako epaiketa.

2007ko martxoaren 20a
18:17
Entzun
Ezker abertzaleko hautes plataformetako zortzi kideren kontrako epaiketa egin dute gaur, Donostian, duela bi urte eta erdi Andoaingo (Gipuzkoa) udaletxeko areto nagusian sartzeagatik. Fiskalak hamar hilabeteko kartzela zigorra eskatu du zazpirentzat eta urtebetekoa batentzat (bukaeran idatzi bat irakurtzeagatik). Horretaz gain, fiskalaren ustez haiek aretoko atea hautsi zutelako, 5.400 euroko isuna ordaindu beharko dute. Defentsak absoluzioa eskatu du.

2003ko maiatzaren 25aren ondotik sortutako udal eta foru erakundeak "erabat antidemokratikoak" direla salatu zuten ezker abertzalekoek orduan, Espainiako Alderdien Legearen bidez ia plataforma denak legez kanpo utzi zituztela-eta.



Euskal Herri osoko herri plataformetako 60 bat ordezkari Andoaingo udaletxera sartu ziren 2004ko urriaren 17an, “apartheid politikoa gainditzeko” asmoz. Herriari hitza manifestua irakurri zuten balkoitik. Udal erakundeak “erabat antidemokratikoak” direla salatu ondoren, EAJ, EA, Aralar eta EB-Berdeak alderdietako hainbat udal ordezkariri dimisioa aurkezteko eskatu zieten, “herriak ez zituelako aukeratu”. Ordubetez egon ziren udaletxe barruan eta 100 bat lagunen babesa jaso zuten, udaletxe aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.