Urtebeteko zigorra duten bi lagunak ez dituzte kartzelatu

Gartxotenea eta Labiano zarauztarrak aske utzi dituzte baldintzapean, epaia irmoa egin bitartean

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2010eko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Sustoa sustoaren atzetik izan dute azken hilabeteetan Aritz Labiano eta Haritz Gartxotenea gazte zarauztarrek. Atzo ere, larri ibili ziren Espainiako Auzitegi Nazionalean. Auzitegiak ezarritako urtebeteko espetxe zigorra kartzelan bete zezatela eskatu zuen fiskalak, eta kartzelara joateko zorian izan ziren. Azkenik, baina, epaileek aske utzi zituzten, baldintzapean, auzitegiak jarritako zigorra irmoa izan bitartean.

Iazko irailean Zarautzen (Gipuzkoa) egin zen martxa batean bi akusatuek «Gora ETA» oihukatu zutela salatu zuen lekuko anonimo batek eta salaketa Espainiako Auzitegi Nazionalera iritsi zen. Bi gazteak epaitu egin zituzten, eta ETAren aldeko oihurik egin izana biek ukatu zuten arren, urtebeteko espetxe zigorra ezarri zien Auzitegi Nazionalak gazte bakoitzari, bere izenaren berri eman ez duen pertsona horrek jarritako salaketa froga bakartzat hartuta.

Urtebeteko espetxe zigorra eta zortzi urteko inhabilitazioa ezarri zien auzitegiak epaitu bakoitzari. Bi urtetik beherako espetxe zigorrak ez dira, normalean, kartzelan betetzen. Baina fiskalak zigorra bete zezatela eskatu zuen, aurrez beste zigor bat bazutela argudiatuta. Labianori eta Gartxoteneari bederatzina hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten, lehenago, desobedientzia ekimen bat egin izana egotzita. Hori zigor txikiegia zela-eta, etenda dituzte zigor horiek.

Bi gazteek berriki jaso duten urtebeteko zigorra ere ez da irmoa. Akusatuek epaiaren aurkako helegitea aurkeztu zuten, zigorra emateko froga bakar bat ere ez zegoela argudiatuta. Hortaz, Auzitegi Gorenak erabaki behar du, orain, gaiaren inguruan.

Baina Gorenak epaia eman aurretik, Auzitegi Nazionaleko fiskalak bi zarauztarrak espetxeratzeko eskatu ondoren, atzo egin zen eskaera horri buruzko erabakia hartzeko ahozko saioa. Espetxeratzea galdegin zuen fiskalak, akusatuek ihes egiteko arriskua zegoela argudiatuta. Defentsarako abokatuak, berriz, bi epaituak aske uzteko eskatu zuen.

Baldintzak

Angel Hurtado Adrian, Jose Ricardo de Prada eta Enrique Lopez Lopez epaileek osatutako mahaiak bi gazteak aske uztea erabaki zuen, azkenik, hainbat baldintza jarrita: Epaitegian sinatzera joan beharko dute astero, auzitegiaren deiei erantzun beharko diote, ezingo dute etxebizitza aldatu, eta Espainiako lurretatik ateratzea debekatua dute.

Fiskalak hiru eguneko epea du erabakiaren aurkako helegitea aurkezteko, eta akusatuak libre uzteko neurriaren aurka azaldu den arren, ez du argitu helegitea aurkeztuko duen. Edozein kasutan, behin-behinekoa da neurria; Gorenak helegiteari erantzun eta epaia irmoa egin bitartekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.