Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Ainhoa Intxaurrandieta GHKko lehendakariak, Amaia Guruzeta Urola Kostako mankomunitateko lehendakariak eta Juan Luis Ilarramendi Zarauzko alkateak itxi dute Zarauzko zabortegiko atea.
Garitanok esan duenez, Gipuzkoa "ondo ari da" hondakin alorrean: "Duela bost urteko birziklapen datuak bikoizten ari gara, errefusa %40 murriztu dugu duela zazpi urtetik hona, Zarauzko zabortegia itxi dugu, beste biak ixteko plangintza dago eta ingurumen eta ekonomia aldetik iraunkorrak diren azpiegiturak ditugu diseinatuta”.
Gaineratu du beste erakunde batzuek "errausketaren eta zabortegi kutsakorren aldeko apustua egiten duten bitartean", birziklapena dela Gipuzkoako eredua: “Eta hemen dira emaitzak. Hondakinen politika iraunkorra ez da egiten titular potoloekin edo alderdi politikoen arteko ika-mikekin; birziklatuz egiten da, arduraz jokatuta”.
Juan Luis Ilarramendi Zarauzko alkateak, bere aldetik, poza agertu du: "Egun oso garrantzitsua da gaur Zarautzentzat. Bizi kalitate eta ongizatean aurrerapauso handia emango dugu gaurtik aurrera".
Urtetako zabortegia 1988an ireki zen eta hasieran eskualdeko hondakinak biltzen zituen arren, 2007tik San Marko mankomunitateko hondakinak ere jasotzen ditu. Urola Kostako Udalerrien Mankomunitatea da zabortegiaren kudeaketaren arduraduna. Datozen asteetan eremuaren berreskuratze lanak hasiko dituzte. Zeldak 2015eko otsailean hasiko dira zigilatzen: batzuk behin betiko, eta beste zenbait, behin-behinean, egonkortu daitezen. Azkenekoak, egonkortu eta gero, 2020an zigilatuko dira behin betiko. Ondoren, lurra isuriko dute eta, epe laburrean, belarra haziko da.