Gipuzkoako Foru Aldundiak bi kilometroko errepidea egingo du, Urumeako autobia, A-8 autobidea eta Donostiako Ospitalea lotzeko. Errepide berri horrekin, Donostiako Amara auzoko zirkulazioa arindu nahi dute. Eraikuntza proiektua bukatzear dago, eta errepide berriaren aurrekontua ia 60 milioi eurokoa izango da. Lanak aurten bertan hasi nahi dituzte, eta 32 hilabete beharko dituzte amaitzeko.
Errepide berria 2,1 kilometro luze izango da, eta beste bideekin loturak egingo dituzten adarrak 1,8 kilometrokoak izango dira.
MARTUTENETIK. Trazatu berria Urumeako autobideak Martutenen izango duen biribilgunean hasiko da. Hortik mendebalderantz bideratuko dute, Loiolako ur araztegiko instalazioen artean prestatu den korridoretik barrena, eta Txiskuene tunelaren azpitik, Illunbe ibarrera iritsiko da. Inguru horretan egingo dituzte loturak A-8arekin eta ospitaleekin. Errepide berriak bi biaduktu, eta goiko eta beheko pasabideak izango ditu.
Urumeako autobia, A-8a eta Donostiako Ospitalea lotzeko bidea egingo dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu