Usansolo Herria plataformak botoa ematera deitu ditu Usansoloko herritarrak iganderako, auzoaren etorkizunaz galdetzeko. 3.000 lagun inguruk parte ahal izango dute, eta "Desanexioa bai ala ez?" galderari erantzungo diote. Unai Rementeria Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramailearen arabera, ordea, galdeketa horrek ez du "baliorik", eta uste du egitasmo bat martxan jartzen denean "baliozko" zerbait egin behar dela, eta ez "zakarrontzira botatzeko zerbait". Gobernu kontseiluaren ondoren egin ditu adierazpenok.
Bien bitartean, Galdakaoko Udalak kontsulta 2015eko otsailean antolatzeko asmoari eutsi dio, Usansolo auzoaren "segregazioaz" galdetzeko. "Berme juridiko guztiekin" eta "ahalik eta modu gardenean" egiteko asmoa agertu du EAJk. Bi galdeketa proposatuko ditu. Lehenik, herritarrei galdetuko die ea kontsulta egiteko prozesua hastea nahi duten, eta baiezkoa bada, "segregazioaren" gainean galdetuko die. Hala ere, adierazi du igandeko galdeketari ez diola "oztoporik" jarriko.
Galdakao erdigunetik hiru kilometrora dago Usansolo, eta 5.000 herritar inguru bizi dira han. 1980ko hamarkadan hasi zen desanexioaren inguruko mugimendua, Galdakaoko Udalak auzoari kasu gutxi egiten ziolakoan. Geroztik aldarrikapen berarekin jarraitzen dute herritarrek.