Ustekabeen menturarik ez

Orain arteko kontseilari nagusiek lehen itzulitik irabazteko aukera handiak dituzte, edo %50era hurbilduko dira, bestela.

ENEKO BIDEGAIN
2008ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Aldaketak duela zazpi urte izan ziren, Uztaritze, Kanbo eta Donibane Lohizuneko kantonamenduetan. Bernard Auroy, Vincent Bru eta Philippe Juzan dira kantonamendu horietako kontseilari nagusiak, hirurak departamenduko gehiengoaren taldekoak, hala nola Modem edo UMPkoak. 2001ean bi itzuli behar izan zituzten kontseilari nagusi kargua lortzeko. Aurten oztopo gutxiago ukanen dute. Orain arteko kontseilari nagusi izatearen abantailaz gain, aurkari gutxi ukanen dute parean.

Ezpeletako kantonamenduaren kasua da nabarmenena. Hiru hautagai baizik ez dira aurkeztuko. 2001ean zazpi aurkeztu ziren. Ordu arte kontseilari nagusi zen Louis Genin ez zen berriz aurkeztu. Aulkia libre uzteak politikari anitzen gosea piztu ohi du. Vincent Bru Kanboko auzapezak irabazi zuen lasterketa, lehen itzulian bertan bozen %42,5 eskuratuz. Peio Labeguerie ukan zuen parean, bigarren itzulian. Orain, Labeguerie ez da aurkeztuko. Pentsa daiteke hark bildu bozen zati handi bat Brurengana joanen dela zuzen-zuenean.

Lehen itzulian bertan irabazteko aukera guztiak bere esku ditu Donibane Lohizuneko kontseilari nagusi Philippe Juzanek ere. Duela zazpi urte Michel Alliot-Mariek utzi aulkia zen libre gelditu zena. Orduan, eskuineko hautagai bakarra izan zen Juzan. Doi-doietarik huts egin zuen lehen itzulian bertan irabaztea. Aurten, Front National alderdiko hautagairik ez izanez, orduan falta izan zuen puntu erdia aise eskuratu ahal izanen du.

Juliette Seguela ere ez da askorik kezkatua, Miarritze Ekialdean. Seguela 1993tik dago Kontseilu Nagusian. Aurten kargua uzteko asmoa zuen, baina bere alderdikoek (Modem) berriz aurkeztera bultzatu dute. Duela zazpi urte ez bezala, eskuineko beste aurkari bat ukanen du. Jean-Benoit Saint-Cricqek zenbait boz ken diezaizkioke. Boz gutxi kendurik ere, aski izan daiteke bigarren itzuli bat eragiteko.

Bigarren itzulitik ez da salbu Bernard Auroy Uztaritzeko kontseilari nagusia ere. Hauteskundeak irabazteko faborito nagusia da. Duela zazpi urte baino lau hautagai gutxiago aurkeztuko dira. Orduko bere aurkari nagusi Jean-Michel Colo kontseilari nagusi ohia ez da lehiatuko. 2001ean Auroyk aulkia kendu zion. Colo bezala, Auroy ere departamenduko gehiengoaren taldean sartu zen, baina ez da Colo bezain eskuindarra, eta irekiagoa ematen du. Eskuinean beste hautagai bat aurkezten zaio, ordea. Ferdinand Dagerre UMPko kidea da. Jean-Michel Coloren alde bozkatu zutenek Auroyren ordez Dagerreren alde bozkatzen badute, ez da ezinezkoa bigarren itzuli bat gertatzea. Auroyk bere alde du Christine Bessonart, Senpereko auzapeza. Uztaritzeko auzapeza eta Senperekoa (hots, kantonamenduko bi herri nagusietakoak) elkarrekin aurkezteak eman diezaioke lehen itzulitik irabazteko aukera.



ABERTZALEEN AUKERA. Ez da gauza handirik jokoan, beraz, lau kantonamendu horietan. Baina Uztaritzen eta Ezpeletan segurik, hautagai gutxi aurkezteak abertzaleei mesede egin diezaieke. Duela lau urte hautagai askoren artean banatu ziren bozen zati bat abertzaleengana joanen dela pentsa daiteke. Ezpeletan, Peio Labeguerieren alde bozkatu zuten batzuek beharbada abertzaleen alde bozkatuko dute. Uztaritzen, EAJren alde bozkatu zutenen zati handi batek EHBko hautagaiaren alde egin dezake.

Abertzaleek partida zailagoa izanen dute, beharbada, Miarritzen. Ezkerraldean hautagai bat gehiago ukanen dute, batetik. Peio Claverie duela zazpi urteko hautagai abertzalea Miarritzen arras ezaguna izateak puntu asko eman zion, bestetik. Marka hartara heltzea zaila izan daiteke. Donibane Lohizunen, duela zazpi urte bezala, bi hautagai abertzale izanen dira, Euskal Herria Bai eta EAJ. Duela zazpi urteko hauteskundeekin parekagarriagoak izanen dira hangoak. Abertzaleen botoaren bilakaeraren argazkia garbiagoa izanen da.



PIL-PILean

Uztaritze

Zirkulazioa. Lotarako hiriaren sindromea bizi du Uztaritzeko kantonamenduak. Horren lekuko dira zirkulazioan diren arazoak; goizetan, Baionara sartzeko, eta arratsetan, Baionatik ateratzeko. Bernard Auroyk Baiona-Garazi tren linea martxan ezarri nahi du. Daniel Romestant komunistak ere garraio publikoen garatzearen alde lan egin nahi du. Komunistek bezala abertzaleek ere «zirkuitu ekonomiko laburrei» eman nahi diete lehentasuna, enpleguak lekuan berean sortuz.



Donibane Lohizune

Arrantza. Donibane Lohizuneko arrantza portua hiltzen ari da. Arazo horretaz arduratzeko eskatzen du Euskal Herria Bai-k, portua «paristar aberatsen kirol portu bihurtu baino lehen». Paueko Kontseilu Nagusia isilik dagoela salatzen du. «Gazteak lagundu behar dira arrantzan has daitezen», dio Xabi Soubeletek. «Kontseilu Nagusiak ez du bere lana egiten, itsasontzien berritzeari dagokionez bereziki».



Miarritze

Fal ikastetxea. Miarritzeko Herriko Etxeak hainbat azpiegitura eraiki ditu azken urteetan, Kontseilu Nagusiari esker, besteak beste mediateka eta Atabal kontzertu gela. Orain, Fal ikastetxea konpontzeko asmoa agertu dute. Euskal Herria Baiko hautagaiak ikastetxe hori artista gazteentzako gune gisa antolatzea proposatu du.



Ezpeleta

Kanpaina ahul. Ezpeletako kantonamenduaren berezitasuna da ez dela eztabaidagairik pil-pilean, ez dela bizi politiko handirik. Kanpainak beste kantonamenduetan baino oihartzun apalagoa du.





HauTaGaIaK

Uztaritze

Bernard Auroy (Modem). Uztaritzeko auzapez eta kontseilari nagusia.

Daniel Romestant (PCF).

Mixel Mendiburu (EHB).

Ferdinand Dagerre (UMP).



Ezpeleta

Vincent Bru (Modem). Kanboko auzapez, kontseilari nagusi eta Errobi herri elkargoko lehendakaria.

Christian Fourgeau (ezkerra).

Mixel Gerendiain (EHB).



Miarritze Ekialdea

Juliette Segueula (Modem). Miarritzeko zinegotzi eta kontseilari nagusia.

Xabi Poueyts (EHB).

Bernard Iturbide (PCF).

Joel Breque (PS).

Philippe Etxeberri (Berdeak).

Jean-Benoit Saint-Cricq (eskuina).

Henri Chevrat (FN).



Donibane Lohizune

Philippe Juzan (UMP). Donibane Lohizuneko kontseilari nagusi eta Lurraren Erakunde Publikoko lehendakaria.

Xabi Soubelet (EHB).

Argitxu Noblia (EAJ).

Yvette Debardieux (PCF).

Georgette Jariod (PS).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.