Ustelkeria errotik ateratzeko asmoa du Ezker Anitzak, eta hori lortzeko neurriak aurkeztu ditu. Arantza Gonzalez Espainiako Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak eta Mikel Izagirre Senaturako zerrendaburuak adierazi dute alderdi politikoetatik ez ezik gizarte guztitik desagertu behar duela.
Izan ere, Gonzalezen esanetan, «ustelkeria gizarte osoarentzako minbizia da, eta hura erauzteko beharrezkoa da alderdi politikoez gain, gizarte guztiaren bazterketa edukitzea». Birsortze politiko baten beharra nabarmendu du Ezker Anitzako hautagaiak, eta hainbat neurri aurkeztu ditu alderdiaren izenean. Besteak beste, legez kontrako aberastea delitu gisa zehazten duen ustelkeriaren aurkako lege «zorrotza» eta informazio publikoaren sarbidearen inguruko legeak eskatu ditu. «Ustelkeria egiten duten herritarrek kostua beren gain hartu behar dute».
Gonzalezek adierazi du krisi ekonomikoak agerian utzi duela «demokrazia krisian» dagoela, erabakiak «erakunde demokratikoetatik urrun» hartzen direlako. «Finantza kapitalaren, Nazioarteko Diru Funtsaren, Munduko Bankuaren eta Europako Banku Zentralaren diktadurapean gaude». Hala, «benetako demokrazia» baten beharra aldarrikatu du, eta herritarren parte hartzea eskatu du horretarako.
ETA, kanpainatik at
Iruñean egindako agerraldian, Cayo Lara IUren presidentegaia ETA hauteskunde kanpainaren barruan sartzearen kontra agertu da, eta salatu egin du hainbat alderdi ari direla ETAz beren ekitaldietan. Hala dabiltzanak programa «ezkutatzeko» asmoz ari dira, Lararen ustez. Jardun armatua behin betiko uztea erabaki ondoren, «demokraziak irabazi» du haren aburuz, eta orain «politika egiteko unea» da.
EspainiakoGorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina
Ustelkeriaren aurkako neurriak aurkeztu ditu Ezker Anitzak
Cayo Lara ETAren erabakia hauteskunde kanpainan erabiltzearen kontra agertu da, «politikaren unea» baita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu