Eusko Legebiltzarrak jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulego bat sortzeko proposamena baztertu du gaurko osoko bilkuran, EAJren, PSE-EEren eta Voxen bozekin. EH Bilduk eginiko proposamenaren aurka agertzeko, egun existitzen diren kontrol organoen defentsan oinarritu dira Jaurlaritzako alderdiak, nahiz eta biek aitortu duten ustelkeriaren aurkako borrokan oraindik pausoak eman beharra dagoela. Elkarrekin Podemosek alde bozkatu du, eta PP+Cs, berriz, abstenitu egin da.
Josu Estarrona EH Bilduko legebiltzarkideak aurkeztu du egitasmoa, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ustelkeriaren ikerketarako mekanismoak falta direla argudiatuz. Besteak beste, Estarronak azaldu du «benetako polizia judizial egoki bat» behar dela, «prestatuta dagoena diru publikoaren erabilera desegokiari aurre egiteko modu espezializatu batean», eta ustelkeriaren «erronkari» erantzun bat emateko baliabideak izango dituen fiskaltza «indartsu» eta «espezializatu» baten beharra ere nabarmendu du.
Halaber, ustelkeria kasuen salatzaileak babesteko mekanismoak ere falta direla adierazi du Estarronak: «Gaur-gaurkoz, norbaitek ustelkeria kasu bat salatu ahal izateko oso ausarta izan behar du, baita ausartegia ere». Horregatik guztiagatik, ustelkeria eta praktika irregularrak «detektatu, prebenitu, ikertu eta erradikatzeko» bulego baten sorrera ezinbestekotzat jo du EH Bilduko legebiltzarkideak: «Gure herriaren zati honetan, gertatzen denaren kasu kopuru oso txiki batera iristen gara. Eta hau ez diogu guk: hau fiskaltzak dio behin eta berriz bere txostenetan. Urtez urte errepikatzen den istorioa da».
Elkarrekin Podemoseko Miren Gorrotxategik ere bide beretik jo du bere hitzartzean: «Zergatik ez da bulego hau beharrezkotzat hartzen? Printzipioz, ikertzeko eta gure demokraziaren kalitatea hobetzeko baliabide gehiago izatea ondo dago. Ongi azaldu beharko litzatekeena, hain zuzen, kontrakoa da: zergatik ez babestu mota honetako organismo bat? Halakoei oztopoak jartzeak gaizki pentsarazten du».
Jaurlaritzak uste du tresnak badaudela
Bozketaren osteko hitzartzeetan, EAJk eta PSE-EEk bulegoaren sorreraren aurkako jarrera justifikatu dute. Jon Andoni Atutxa jeltzaleak adierazi du ustelkeriaren kontrolerako existitzen diren tresnek sare «mamitsu» bat osatzen dutela, eta gaineratu du balitekeela ez izatea egokia prebentziorako eta gainbegiratzerako erakunde publiko berriak sortzea, «ereduen gainjartzeak ziurrenik eraginkortasunaren murrizketa ekarriko lukeelako».
Ekain Rico sozialistak, bestalde, egungo kontrol organoen «heriotza ziurtagiria» aurkeztu izana leporatu dio Estarronari, horien gainean «susmoaren itzala» zabaltzeko borondatea duela esanez. Hala, proposamena orain aurkeztu izanak EH Bilduren «estrategia» bati erantzuten diola adierazi du Ricok.
EH Bilduko legebiltzarkideak, ordea, gogoratu du, 2018an lege proposamen berdina legebiltzarrean aurkeztu zenean, EAJk eta PSE-EEk haren aldeko jarrera agertu zutela, eta alderdien «iritzi aldaketak» geroztik azaleratu diren ustelkeria kasuei erantzuten diela azpimarratu du, besteak beste De Miguel eta Balentziaga kasuei erreferentzia eginez: «[Ustelkeriak] gora egin du, baina [bulegoaren sorreraren aldeko] jarrera kontrakoa izan da».