Indarkeria matxista

Ustez Bidarteko emaztea hiltzen saiatu zen gizonak aurrekariak zituen indarkeriagatik

Lau hilabeteko espetxe zigorrera kondenatu zuten 2014an emaztea jotzeagatik, baina ez zen kartzelara joan, bertze aurrekaririk ez zuelako. Oso larri jarraitzen du emakumeak, Baionako erietxean. Bere buruaz bertze egin du gizonak.

Industriagunean atzean dute emaztea. ISABELLE MIQUELESTORENA
maddi ane txoperena iribarren
2016ko apirilaren 6a
20:53
Entzun

Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreak jakinarazi duenez, astelehen goizean ustez emaztea hiltzen saiatu zen gizonak aurrekariak zituen indarkeria matxistagatik. Baionako Auzitegi Korrekzionalak lau hilabeteko espetxe zigorrera kondenatu zuen 2014ko azaroan, urte bereko maiatzean emaztea jotzeagatik. Bikotea elkarrekin bizi zen, halere, eta gizonezkoak ez zuen urruntze agindurik. Prokuradorearen hitzetan, gizona ez zuten espetxeratu orduko hartan, ez zuelako bertze aurrekaririk, eta emakumeak ere ez zuelako halakorik eskatu.

Astelehen goizean indarkeria matxista kasua larriagotu egin zen, ordea. Gizonezkoak emazteari egin zion eraso ustez, eta bere buruaz bertze egin zuen gero, Bidarten (Lapurdi). Ikerketa abiatua du Vuelta Simonek, eta BERRIAri jakinarazi dioenez, gizona emaztea hiltzen saiatu izana da hipotesi nagusia. «Gizonak eraso egin izanen lioke bikotekideari, zaurituz, eta bere buruaz bertze egin izanen luke ondotik. Testuingurua argitzea gelditzen da orain».

Emaztea Baionako erietxean ospitaleraturik eta «oso larri» dagoela ohartarazi zuen prokuradoreak atzo, eta baieztatu duenez, egoera berean dago oraindik, oso larri. Haren «bizi pronostikoa engaiatua» dela adierazi du, hots, hil ala bizi dagoela, eta haren osasun egoera hobetzea izanen dela orain «lehentasuna». Vuelta Simonen erranetan, horren ondotik aztertuko dute emazteak dituen zauriak zehazki nola eginak izan diren.

Bidarteko Bassilour industrialdean gertatu zen erasoa, ustez astelehen goizean. Astelehen eguerdian eman zioten bizilagunek abisua Baionako polizia-etxeari, eta azken horrek, berriz, prokuradoreari. Atzo arratsaldera arte ez zen zabaldu komunikabideetan, halere. Vuelta Simonek azaldu duenez, Bidarteko «lokal» batean atzeman zuten gizona urkaturik, eta haren ondoan emaztea, buruan kolpeak zituela. Gizonezkoak 48 urte zituen, eta emakumezkoak, berriz, 35 ditu. Sudouest kazetaren arabera, bikoteak leku horretan egiten zuen lan.

Senar-emazteek 9 urteko seme bat dute, baina ez zegoen erasoa gertatu zen lekuan. «Astelehen goiza izanik, eskolan zegoen», azaldu du prokuradoreak. Babespean dagoela segurtatu du, baina gehiago zehaztu gabe: Sudouest egunkariaren arabera, aitatxi-amatxiek hartu dute beren gain haren zaintza.

Ez da aurten indarkeria matxistak eragindako biktima larri bakarra. Joan den urtarrilean gertatu zen Gasteizen urteko lehen hilketa matxista, hain zuzen. Gizon batek leihotik bota zuen 17 hilabeteko neskato bat, eta kolpearen ondorioz hil zen umea egun gutxira, ospitalean. Haren ama ere zauritu zuen gizonezkoak. Otsailean Bastidan (Baxenabarre) gertaturiko hilketak, aldiz, indarkeria matxistaren ondorioz izan zirenik gezurtatu zen. Bi semeei leporatu zieten gurasoak hil izana, baina seme zaharrena askatu zuten ostiralean, eta gazteenaren neska-laguna atxilotu, konplize izatea egotzita.

Erasoak Gasteizen eta Baionan

Bertzalde, Gasteizko Udaltzaingoak 18 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gizon gazteak ukabilkada bat eman zion emakumezko bati, eta ondotik ukituak egin zizkion. Emakumezkoak ihes egitea lortu zuen, eta, gizona atxilotuta, emakumea erietxera eraman zuen Udaltzaingoak.

Baionan, bertzalde, gizonezko bat espetxeratu zuten joan den astean, emaztea jotzeagatik. Hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.