Auziaren berri emateko idatzi zioten aita santuari ikasleen gurasoek, eta iazko Gabonetan erantzun zien hark, gutun bidez. Elkartasuna agertzeaz gain, azaldu zien Fedearen Irakasbiderako Kongregazioaren esku jarri zuela haiek bidalitako dokumentazio guztia, "epaiketa kanonikoa zabal dezan irakaslearen eta eskolaren aurka, baina mutikoa gogaitu gabe".
Handik egun batzuetara, iragarri zuen Fedearen Irakasbiderako Kongregazioak egindako ikerketak ebatzi zuela salatutako kasua ez dela frogatu eta, ondorioz, "akusatuaren izen ona eta fama berrezarri" behar zirela. Hori ikusirik, ustez sexu erasoa jasan zuen ikaslearen aitak gaur Radio Euskadin adierazi du berriro ere eskatzen diotela Frantziskori ikerketa kanonikoa ireki dezan. Izan ere, aitaren ustez, ikerketa ez zen behar bezala egin: "Ikertuz gero, froga ugari daude".
Getxoko epaitegietan jarritako kereilak, berriz, aurrera jarraitzen du. Biktimari zein ustezko erasotzaileari lehen deklarazioa hartu diete.