ATXILOKETAK

Ustez ETAkoak diren bi lagun atxilotu ditu Frantziako Poliziak

Ugaitz Errazkin eta Jose Javier Oses dira atxilotuak, Espainiako Barne Ministerioaren arabera. Frantziako Poliziak eta Guardia Zibilak elkarrekin burutu dute operazioa, Okzitaniako Tolosatik gertu. EAEko PPk dio Espainiak ETA desegitea lortuko duela datozen hilabeteetan. Amaiurren arabera, "gatazkaren konponbidearen kontrako norabidean" doaz atxiloketak.

2012ko ekainaren 26a
17:02
Entzun

Frantziako Poliziak ustezko bi etakide atxilotu ditu gaur goizaldean, Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez. Horren arabera, Ugaitz Errazkin hernaniarra (Gipuzkoa) eta Jose Javier Oses burlatarra (Nafarroa) dira atxilotuak. Poliziak dio biek armak zituztela.

Okzitaniako Tolosatik gertu atxilotu dituzte, Albin, Frantziako Poliziak eta Guardia Zibilak elkarrekin burutu duten operazioan. Honek irekita jarraitzen du eta Errazkin eta Osesen etxebizitzetan miaketak egiten ari dira.

Asti taldeko kide izatea egotzi diete atxilotuei. Talde horri leporatzen diote Isaias Carrasco Arrasateko zinegotzi sozialistaren hilketa baita Inaxio Uria Azpeitiko enpresariaren hilketa ere. 

2008ko martxoaren 7an tiroz hil zuten Carrasco PSE-EEko zinegotzia Arrasaten, hauteskunde orokorrak baino bi egun lehenago. Uria bere jaioterrian hil zuten 2008ko abenduaren 3an, tiroz.

Iñaki Oiarzabal EAEko PPko idazkari nagusiak esan du Espainiako Gobernuak ETA desegitea lortuko duela datozen hilabeteetan.

Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatuaren arabera, "gatazkaren konponbidearen kontrako norabidean" doaz atxiloketak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.