Gizonezko bat hil dute Andoainen (Gipuzkoa), Kaletxikiko etxebizitza okupatu batean. Hilketa egotzita, haren etxekide bat atxilotu dute, 21 urteko beste gizon bat. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, orain egun batzuk hil zuten gizona, eta gorpua usteltzen hasia zegoen, armairu batean sartuta.
Herenegun, 23:45 aldera, dei bat jaso zuten Hernaniko polizia etxean. Deitu zuen pertsonak salatu zuen Andoaingo Kaletxikiko etxebizitza batean gizon baten gorpua aurkitu zutela. Ertzainei azaldu zienez, gorpua armairu baten barruan zegoen, mantekin estalita.
Ertzainak, Kaletxikiko 30. zenbakira joan zirenean, jabetu ziren etxeko lehen solairuan kirats handia zegoela. Sartu, eta gorpua aurkitu zuten. Etxebizitzan zeuden pertsonak identifikatu ostean, 21 urteko gazte bat atzeman zuten, hilketa egotzita. Hernaniko polizia etxera eraman zuten. Atxilotua Ameriketako Estatu Batuetakoa da.
Biktima eta ustezko hiltzailea etxekideak ziren, eta maiz izaten zituzten liskarrak, Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. Duela lau bat egun beste eztabaida bat izan zuten, eta poliziak uste du atxilotuak mailukadaz hil zuela etxekidea. Hildako gizonak 52 urte zituen, eta Sierra Leonakoa zen. Etxebizitza okupatua zegoen, eta beste hainbat pertsona bizi ziren han.
Andoaingo Udalak gertatutakoa salatu du, eta halako hilketa gehiago ez gertatzeko eskatu du. Elkartasuna azaldu die hildako gizonaren senide eta lagunei, eta beste etxekideek gertatutakoa argitzeko eman duten laguntza nabarmendu du.
Ustez etxekidea hiltzeagatik, gazte bat atxilotu dute Andoainen
Gizonaren gorpua armairu batean zegoen, eta, Ertzaintzaren arabera, egun batzuk zeramatzan hilda
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu