Espainian, Hego Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan eta Galizian 1950eko hamarkadatik 1990eko hamarkadara bitarte ospitale publiko eta pribatuetan ustez lapurtu ziren ume jaioberrien auzia aztertzeko eskatu diote Espainiako Estatuko fiskal nagusiari. Lapurtutako haurrak beste guraso batzuei saltzen zizkieten. Anadir izeneko elkartea sortu dute, eta guztien abokatu Enrique Vila Torrek autonomia erkidego guztietako 261 kasuren dokumentazioa eraman du Estatuko Fiskaltzaren egoitzara. EAEkoak dira horietako sei.
Flor Diaz Carrasco da elkarteko kideetako bat. Atzo salaketa bateratua jarri zutela azaldu dio BERRIAri. «Fiskaltzak ikerketak abian jartzea nahi dugu leku guztietan. Oraingoz, Sevillan, Malagan, Algecirasen eta Cadizen [Andaluzia] baino ez dira ireki. Baina kasuak autonomia erkidego denetan daude».
Diaz Carrasco ez da ustez lapurtu zuten ume horietako bat. Bere ahizparen bila dabil. Gasteizko Arana klinikan jaio zen, baina hilda jaio zela esan zieten gurasoei. Ez dute bertsio hori sinesten, eta orain haren bila dabiltza. «Arana klinikan eta San Sebastian klinikan gertatutako kasu batzuen berri dugu. Gehiagotan ere izango ziren, seguruenik». Gaur egun bi ospitale hauek itxita daudela dio;zaharren egoitzak dira.
Elkartea sortu berria da, eta oraindik kide gehiago izango dituztela espero dute. «Oraingoz, oso gutxi gaude izena emanda, baina badakigu kasuak askoz gehiago direla». Datu zehatzik ez duten arren, elkartean oraingoz gutxienez sei euskal herritar daudela dio.
Kasu batzuk susmoetan oinarrituta daude, ez dutelako lortu deus baieztatzen duen frogarik. Hala ere, atzo fiskaltzari aurkeztutako 261 kasuetan hainbat dokumentu eta lekukotza daude. Faltsututako jaiotza agiriak, kaltetutako batzuen DNA probak, euren seme-alabak erosi zituzten gurasoen testigantzak, eta irregulartasunak kontatzen dituzten erizain eta lurperatzaileenak bildu dituzte, besteak beste.
Vila abokatuaren esanetan, autonomia erkidego guztietara hedatutako sare bat da gertatutakoaren erantzule edo ekintzaile: «Umea hartzen zutenek, bitartekariek eta klinikek osatzen zuten sarea. Eta pentsatzekoa da lurraldeen arteko harremana zutela. Izan ere, lapurtutako umeen izena inoiz ez zen lapurtutako hiriko erregistroan ematen, beste hiri batean baizik».
Vilaren esanetan, hainbat delitu egin zituen sare honek: umeak trafikatzea, dokumentuak faltsutzea, hertsatzea eta ama biologikoei iruzurra egitea. Bi garai edo etapa bereizi ditu, gainera. 1940ko hamarkadan, espetxeetan zeuden emakume errepublikanoei lapurtzen zizkieten umeak. «1950eko hamarkadatik aurrera, ordea, helburu ekonomikoak zituen kontu mafiosoa bihurtu zen». Abokatuak dioenez, bigarren etapa honetan ezkerreko zein eskuineko emakumeei lapurtzen zizkieten umeak, politikari erreparatu gabe. «Hala jokatu dute 1990eko hamarkadako hainbat urtetan ere».
Eskaera gobernuari
Estatuari ondare erantzukizuna eskatzeko oinarriak daudela iruditzen zaio Vilari. «Kasu batzuetan ospitale publikoetan gertatu ziren lapurretak, eta estatua dahorietan gertatutakoaren erantzule, hein batean». Anadir elkartearen abokatuak uste du biktimek badutela kalte moralengatik kalte ordainak eskatzeko eskubidea ere.
Salaketa jarri duten guztiak sinetsita daude fiskaltza ez dela ausartuko kasua artxibatzera. «Ez dezagun ahantz bahiketa indarrez egin daitekeela, baina baita iruzur eginda ere. Erizainek, medikuek eta erietxe publiko zein pribatuek egindako makina bat bahiketaren frogak ditugu esku artean. Derrigor ikertu beharko dute», dio elkarteko presidente Antonio Barrosok.
Haren iritziz, Espainiako justizian inoiz egon den auzirik handienaren hasiera baino ez da izan atzoko salaketa. «Auzia artxibatzea erabakiko balute, Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegira joateko prest gaude. Ez dugu etsiko hau guztia argitu arte».
Ustez lapurtutako umeen auzian gutxienez sei kasu daude Hego Euskal Herrian
Espainiako Estatuko fiskal nagusiari ikerketa bateratu bat zabaltzeko eskatu diote 260 kaltetu inguruk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu