Ertzaintzak 34 urteko gizon bat atxilotu zuen joan zen ostiralean, 2007. urtean Leioan (Bizkaia) adingabe bati sexu erasoa egin ziolakoan. Atxiloketa gauzatzeko DNA probak baliatu ditu Ertzaintzak. Izan ere, atzo jakinarazi zuenez, erasotzailearen markak bat datoz biktimaren txamarran aurkitutakoekin. Gizona Getxon (Bizkaia) atxilotu zuten, bertan bizi baitzen.
Ustezko erasoa 2007ko azaroaren 18an gertatu zen, LeioakoLuis Bilbao kalean. Gauez izan zen, tunel baten barruan. Artean, Leioan bizi zen erasotzailea. Lehenik, biktima jo zuen eta, lurrera bota ondoren, sexu indarkeria erabili zuen.
Momentu hartan pertsona bat inguratu zen neskari laguntzera, eta erasotzaileak berehala egin zuen ihes. Ertzaintza geroago iritsi zen gertakariaren tokira, eta guztia miatzeari ekin zion. Beste hainbat gauzaren artean, biktimaren txamarra eraman zuten polizia etxera. Hain zuzen, bertan aurkitu dituzte erasotzailearekin bat datozen DNAren laginak.
Bestalde, genero indarkeriari lotutako beste bost atxiloketa izan ziren herenegun. Hiru, Bizkaian. Getxon, gizon batek emazteari ustez eraso egin ziolako. Barakaldon, senarrak emaztea jo zuelakoan, etxera edanda iritsi ondoren. Eta Sukarrietan, gizon batek urruntze agindua bete ez zuelakoan.
Gipuzkoan, berriz, bi atxiloketa egin zituen Poliziak, eta biak Donostian, ustez urruntzeaginduak urratzeagatik. 26 urteko gizon bat Parte Zaharrean atxilotu zuen zerbitzutik kanpo zegoen ertzain batek. Beste kasua Herreran izan zen. Bikotekide ohiarekin paseoan zebilen 42 urteko gizon bat, epaileak harengana ez gerturatzeko agindu bazion ere.
Zumarragan, kartzela zigorra
Bestalde, zazpi hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote gizonezko bati Zumarragan (Gipuzkoa), haren 20 urteko alaba jo eta «burua lehertzearekin» mehatxatzeagatik. 2010eko urriaren 8an gertatu zen. Epaiaren arabera, gizonezkoak sakelakoa itzaltzeko eskatu zion alabari, eta, hala egin ez zuelako, «hainbat ukabilkada» eman zizkion aitak. «Iletik ere tira zion, eta, ondorioz, paretaren kontra jo zuen buruarekin», jaso du epaiak.
Gizonezkoak 500 euro ordaindu beharko dizkio orain alabari, etadatorren urtebete eta hamazazpi hilabetean ezin izango da harekin harremanetan jarri.
Ustez neska bati eraso egin zion gizon bat atxilotu dute, DNArengatik
34 urteko ustezko erasotzaileak sexu indarkeria erabili zuen adingabe baten kontra orain bost urte, Leioan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu