Atxiloketa

Ustezko bi etakide atxilotu ditu Frantziako Poliziak, Tolosatik gertu

Ikerketako iturriek asteleheneko auto lapurreta saioarekin lotu dituzte. Espainiako Gobernuaren Barne Ministerioak dio biek Capbretongo larunbateko erasoarekin lotura dutela. Gizonezkoa eta emakumezkoa dira atzeman dituztenak; Poliziaren arabera, Asier Bengoa Lopez de Armentia eta Amaia Alonso dira. Lozere departamenduko herri batean atxilotu dituzte -Chateneauf de Randonen-. Berri agentziek diote armak zituztela eta "diru asko".

2007ko abenduaren 5a
19:11
Entzun
Frantziako Poliziak ustezko bi etakide atzeman ditu gaur 12:20an Lozere departamenduko herri batean: Chateneauf de Randonen. Tolosatik gertu dago herri hori, herrialdearen hego-mendebaldean. Berri agentzia batzuen arabera, hotel batetik irten dutenean atxilotu dituzte, beste batzuek diote errepide kontrol batean harrapatu dituztela eta besteek autobus geltoki batean atzeman dituztela. Gizonezkoa eta emakumezkoa dira atzeman dituztenak. Berri agentziek esan dute armak zituztela, agiri faltsuak eta "diru asko".

Ikerketako iturriek diote haietako bat Asier Bengoa Lopez de Armentia (31 urte, Gasteiz) dela eta bestea Amaia Alonso. Bengoa 2003ko apirilean ere atzeman zuten, ETAren azpiegituraren kontrako polizia operazio batean. Beste 27 lagun ere atxilotu zituzten orduan, Ibon Fernandez Iradiri topatutako ustezko paperak zirela-eta. 2006ko azaroan utzi zuten libre, eta egun batzuk geroago Espainiako Auzitegi Nazionalak zazpi urteko kartzela zigorra jarri zion; Bengoa ihes egina zen, Poliziak esan duenez. Alonsoz ez dute daturik jakinarazi, oraingoz.

Gabillou (Dordogne, Akitania, Frantzia) herriko asteleheneko auto lapurreta saioarekin lotu dituzte gaurko bi atxilotuak ikerketako iturriek. Poliziak dio saio horretan gizonezko batek eta emakumezko batek hartu zutela.

Espainiako Gobernuaren Barne Ministerioak esan du biek Capbretongo larunbatean erasoarekin lotura dutela, "jendeak haiei buruz jakinarazitako ezaugarriek bat egiten dutelako atxilotuen itxurarekin". Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuaren presidenteak, berriz, ez du hain ziurtzat jo hori. "Baliteke beraiek izatea hilketa egin zutenak", esan du Napolin (Italia). "Albistea baieztatzen bada, legedi osoa betiko gainera eroriko zaie".

Guardia zibil bat hil zen larunbatean bertan Capbretonen (Landak, Frantzia) tiroketan -Raul Centeno-, eta bestea gaur zendu da -Fernando Trapero-. ETAri egotzi zioten erasoa.

Baionatik 600 kilometro ingurura dago Chateneauf de Randon. Capbreton, berriz, 25 ingurura.

Poliziaren arabera, bi gizonezkok eta emakumezkok hartu zuten parte guardia zibilen kontrako tiroketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.