Frantziako Alpeetako Saboia departamenduan ustezko hiru etakide atzeman dituzte, gaur 6:00ak inguruan. Atxilotuak Alberto Matxain (Iruñea), Aitzol Etxaburu (Ondarroa, Bizkaia) eta Andoni Sarasola(Lesaka, Nafarroa) dira, polizi iturrien arabera. ETAren aparatu militarreko kide izatea leporatu diete hirurei, baita gainerako ETAko taldeei armekin eta lehergaiekin hornitzea ere. Poliziaren ustez, Etxaburu da aparatu logistikoaren burua. Matxain, berriz, sei etakide bilatuenen zerrendan zegoela jakinarazi du Espainiako Poliziak.
Etxebizitza batean egin dituzte atxiloketak eta bertan hainbat pistola zeudela adierazi dute poliziek. Furgoneta bat ere atzeman dute.
Matxain, Etxaburu eta Sarasola Liongo polizia etxera eramango dituzte. Polizia operazioak irekita jarraitzen du. Frantziako eta Espainiako Poliziak elkarlanean egin dute operazioa.
Atxiloketen ondotik, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak adierazi du ehun kilo lehergai eta hamabi litro nitrometano zituen zulo bat aurkitu dutela Frantziako Pirinioetako Ferrieres herrian.
"Demokrata guztiok pozik egon behar dugu"
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailak adierazi du atxiloketen "albistea ezin hobea" dela eta agerian uzten duela Polizia ETAren aurka egiten ari den "lan on eta profesionala". "Demokrata guztiok pozik egon behar dugu hiru terrorista atxilotu dituztelako. ETAren mehatxuak jasaten ditugun herritarrok pixka bat askeago gara", nabarmendu du Aresek.
politika
Ustezko hiru etakide atxilotu dituzte Frantzian
Alberto Matxain, Aitzol Etxaburu eta Andoni Sarasola atxilotu dituztela azaldu dute polizi iturriek. ETAren aparatu militarreko kide izatea leporatu diete hirurei. Rubalcabak adierazi duenez, ehun kilo lehergai zituen zulo bat aurkitu dute Frantziako Pirinioetako Ferrieres herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu