Zubietako erraustegia

Usurbilen erraustegiaren aurka manifestatu dira ehunka herritar

Eskaera argia egin dute: udalek konpromisoa hartzea zaborrak ez eramateko erraustegira. EAJri eta PSE-EEri osasunaren aurka aritzea egotzi diete.

Erraustegiaren aurkako manifestazioa, Usurbilen. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2019ko abenduaren 13a
15:46
Entzun

«Errausketarik ez» oihuek hartu dituzte Usurbilgo kaleak, eta Gipuzkoako udalei zuzendu zaizkie bertan bildutako ehunka herritarrak: «Gure udalek zorroztasunez hartu beharko dute konpromisoa, beraiek bildutako hondakinak Zubietako erraustegira ez eramateko».

Dagoeneko Zubietako erraustegiko labeak piztu dituztela eta, haserre mintzatu dira. Haien iritziz, Gipuzkoako agintari politikoek eta korporazio handiek ez diete kasurik egin herritarren borondateari, medikuen «ohar larriei», gizarte mugimenduei, sindikatuei, eta alderdien eta elkarteen eskariei. «Proiektu kriminal hau martxan jarri duten agintarien izenak ez ditugu ahaztuko, ez Zubietan, ez Gipuzkoan», nabarmendu dute.

«Zatozte Usurbilera, eta ikusi hemendik zuen axolagabekeriak erretzera bidalitako hondakinak erretzeak zabaltzen duen ke kutsagarria». Horrela mintzatu zaizkie Usurbildik Gipuzkoan oraindik gaikako bilketan «tamalgarri» egiten ari diren herriei eta, batez ere, Donostiako Udalari: «Behingoz buka ezazue zuen fartsa. Gipuzkoako hiria kanpo eder, barren zikin bihurtu duzue; lotsagarrikeria eten ezazue». EAJri, PSE-EEri eta «haien konplizitatearekin» erraustegia martxan jarri duten enpresei, berriz, hau esan diete: «Lehengaiak erretzea eta xahutzea ez da jarduera jasangarria; gezurretan ari zarete ekonomia zirkularra ahotan darabilzuenean».

Hori ikusita, azpimarratu dute Gipuzkoan badaudela beste hainbat herri aurrerapauso handiak eman dituztenak hondakinen gaikako bilketan. «Gaikako bilketa eraginkorrak abiatzeko ausardia izan genuen bezala, erraustegiarekin ez kolaboratzeko urrats sendoak egiteko sasoia heldu da».

Bestelako eredua badagoenez, hori lortzeko lanean segituko dutela ziurtatu dute: «Zero zabor eta ekonomia zirkularraren eredu berria sortzeko bidean, urrats berriak egiteko garaia iritsi da». Horretarako, honako hau exijitu dute: «Ez erre gure hondakinak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.