Xabier Arregi alkateak eta Joxean Ercilla Añarbeko Uretako kudeatzaileak prentsaurrekoa eman dute, eta onartu dute Erroizpen "zerbaitek" huts egin duela. Uraren analisiak egin, eta E. coli eta enterococo bakteriak topatu dituzte. Arregik esan duenez, ez dago argi nondik datozen bakteria horiek, eta beharrezkoak diren ikerketa guztiak egiten jarraituko dute.
Añarbeko Urek ez dutela Erroizpeko deposituarekin zerikusirik nabarmendu du Ercillak. Eta jakinarazi du deposituko arazoa konpondu bitartean, Añarbeko Uretatik kalitate oneko ura banatzen ari direla, jada, Erroizpeko ura jasotzen zuten etxe guztietara.
6.300 lagun bizi dira Usurbilen, eta 3.000 inguru kutsatu ziren. Ez da gaixotasun larria, baina hiru-lau egunez botagura, tripako mina, burukoa eta beherakoa jasan dituzte herritarrek. Herria aztoratu zuen.