Nafarroa Bai

Uxue Barkos: "Hitz egiteko aukerarik izan ez duen Nafarroako gizarte zibilaren ahotsa eraman nahi dugu Madrilera"

Uxue Barkos Nafarroa Bai koalizioaren Espainiako Kongresurako zerrendaburuak adierazi duenez, Nafarroako "gizarte zibilaren ahotsa" eraman nahi dute Espainiako Senatura eta "hitz egiteko aukerarik izan ez duen Nafarroaren zati bat", berriz, Espainiako Kongresura. "Mezu sinple bat dela eman dezake, baina atzean, sakonean, indar handia du. Madrilen orain arte Nafarroaren irudi jakin eman dute, eta guk lortu nahi duguna eta ezagutzera eman nahi duguna da, beste gauzen artean, beste hizkuntza batean ere hitz egiten dela".

2004ko urtarrilaren 13a
12:55
Entzun
Uxue Barkosek "ohore handi bat bezala" ikusten du bere burua Nafarroa Bai koalizoko zerrendaburu izatea, Radio Euskadi eskainitako elkarrizketan adierazi duenez. Haren ustez, Nafarroako alderdi abertzale eta euskaltzaleek "entzunak izateko aukera" hori aldarrikatu dute behin eta berriz, baita gizarte zibilak ere, eta "gu hutsune hori betetzera gatoz".

Barkos kazetari moduan ari da lanean Madrilgo Kongresuan, eta kazetariek Madrilen egiten duten lanak "lan politikoaz asko" daukala nabarmendu, eta ez hainbeste lan alderdikoiaz, batzuetan gertatzen den arren. "Niri berria egiten ez zaidan leku bat da eta ez dut dudarik berria egingo zaidala orain hesiaren barrenean egotea", zehaztu du.

Koalizoaren sorrera egunean Nafarroa Bai "beharrezko eta urgentziazko" koalizioa bat zela adierazi zuten, eta Barkosek "urgentziazko egoera bat" ematen dela azpimarratu du. "Nafarroaz ematen ari den irudia erabat lausotua da, eta badirudi Nafarroak ahots bakarra duela eta hori ez da hala", adierazi du. Nafarroako gizartea "plurala" dela nabarmendu du, eta plurala den aldetik "erabat aberatsa", horrek ekartzen duen kontsentsu faltarekin."Lau alderdi horiek euren eguneroko lanak eta interesak aldera batera utzi eta printzipioetan batu egin dira, horrela pentsatzen dugun nafarroi ilusioa piztuz eta ezinbestekoa zen elkartze bat egi bihurtuz", azpimarratu du.

Madril plataforma bat bihurtzea

Madrilgo Kogresua Nafarroako zati baten "plataforma bat bihurtzea" da helburua, Barkosen esanetan, jendeak jakin dezan Nafarroan gauza askotaz hitz egiten dela eta beste hizkuntza batean ere hitz egiten dela. “Azken honek jendea asko harritzen du, eta gero, Nafarroan gizarteari berari buruzko irudi aurrerakoi handia dagoela ere erakutsi nahi dugu”, nabarmendu du.

Nafarroan sortutako akordioa EAEra eramateko egon litezkeen aukerez galdetuta, koalizioa osatu duten alderdiak negoziatzen ari direla nabarmendu du Barkosek, eta "egokiena negoziatzen uztea" dela azpimarratu du. "Koalizoa bera ez dago itxita, eta agente sozialek ere zeresana izan dezakete", adierazi du.

Atzoko aurkezpenean mugimendu sozialek joka dezaketen paperaz hitz egin zuen Barkosek, eta diputatu bat bai, baina bigarrena lortzea helburu dutela esan zuen, babes sozial hori ematen bada. "Orain lau urteko datuak aintzat hartuta, diputatu bat lortzea errealitate bat da. Orain, ordea, Nafarroan ilusio berri bat piztu dela nabarmendu da, eta orain arte erakarria sentitzen ez zen jende bat erakartzeko aukerak sumatzen dira", zehaztu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.