Uxue Barkos NaBaiko diputatuak Espainiako Parlamentuko beste legebiltzarkideen txalo zaparrada jaso du gaur lanera itzuli denean. Bularreko minbizi bati egin behar izan dio aurre Barkosek, eta Espainiako Konstituzioaren erreformaren eztabaidan parte hartu du. Hitza hartzera joan denean jaso ditu beste diputatuen txaloak.
Buruan zapi batekin zuen estalia Barkosek, eta hitza hartu duenean txaloak eskertu ditu: "Eskerrik asko. Ziurtatzen dizuet emozionatu egiten nauela honek. Eta zuen baimenarekin txaloak egoera bera igaro duten beste kideekin banatu nahi ditut, bozeramaile ez direlako ikusgarritasun gutxiago izan dutenekin", adierazi du.