Gipuzkoa izango da hondartza denboraldia beranduen irekiko duen lurraldea. Uztailaren 1ean hasiko da hondartza denboraldia, nahiz eta sorospen zerbitzua ekainaren 15etik aitzinera izan. Gaur bildu dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Saila eta kostaldeko herrietako alkateak, eta bertan hartu dute erabakia.
Gipuzkoako Ingurumen Sailak ohar baten bidez zabaldu duenez, «adostasuna» egon da herrietako alkateen eta Ingurumen Sailaren artean hondartzak noiz ireki erabakitzeko orduan. Hondartza denboraldia hasi aitzinetik, gainera, informazio kanpaina bat eginen dute herri guztietan hondartzan hartu beharreko neurriak herritarrei azaltzeko.
Eusko Jaurlaritzak joan den astean ezagutarazi zuen hondartzetako normaltasun berrirako gida. Hondartzetako kudeatzaileei jendea pilatzea eragozteko neurriak hartzea, hareatzan paseatu nahi dutenentzat zirkuituak eta ordutegiak antolatzea, eta ordu jakin batzuetan adin jakin batzuetakoei lehentasuna ematea gomendatu zien, bertzeak bertze. Hondartzetako erabiltzaileei, berriz, gomendatu die distantzia fisikoa gordetzea, eskuak maiz garbitu eta desinfektatzea, bakoitzak bere toalla eramatea, etxera joandakoan bainujantziak garbitzea, eta aisialdi leku horietan egonaldi motzagoak egitea, jende gehiagori aukera emateko.
Donostiako hiru hondartzak —Kontxa, Zurriola eta Ondarreta—gaurtik aitzinera daude irekiak, baina sorospen zerbitzurik gabe. Kontxako hondartza, gainera, itxi eginen dute marea altua dagoenean, eta bainatzeko edo uretarako kirolak egiteko bakarrik sartzen ahalko da hara. Joan den astean aurreratu zuen Marisol Garmendia zinegotziak, gainera, Donostiako Udala lanean ari dela sakelakoetarako aplikazio bat sortzeko. Hondartzan zenbat pertsona dauden eta zenbat gehiago egoten ahal diren neurtuko du aplikazioak.
Bizkaian, lehenago
Bizkaian ekainaren 15ean hasiko da hondartza denboraldia, eta dagoeneko iragarri dituzte hartuko dituzten neurrietako batzuk. Bertzeak bertze, zaborrontziak kenduko dituzte, eta dutxa kopurua murriztu, jendearen arteko distantzia bermatu ahal izateko. Garbiketa lanak ere indartuko dituzte. Gainera, sorosleek ikuskatuko dute zenbat jende elkartzen den hondartzetan. Herritarrek metro eta erdiko tartea gorde beharko dute euren artean, harean nahiz uretan. Diputazioa eta udalak bihar batzartuko dira berriz ere, udalek aldundiari eman diezazkioten hondartza bakoitzerako egin behar dituzten proposamen zehatzak.
Lapurdin, maiatzaren 16tik aitzina daude irekita hondartzak. Bertako hondartzak, ordea, «dinamikoak» izango dira; ibiltzea eta bestelako jarduerak baimenduak izanen dira, baina ez da hondarretan geldirik egoteko aukerarik izanen. Obretan diren Bidarteko Erretegia eta Zokoa salbu, Lapurdiko bertze hondartza guztiak irekiak daude dagoeneko.