Cementos Portland Valderribas enpresak Olatzagutian duen plantan zaborrak erretzen hasiko direla salatzeko manifestaziora deitu du Hiru Mugak Batera plataformak. Uztailaren 21ean egingo dute, Olatzagutian bertan. Nafarroako Gobernuaren eta enpresaren jarrera kritikatu du plataformak: «Egin nahi dutena basakeria bat da. Inposizio tresna guztiak lotsagabeki ari dira erabiltzen, gainera».
Nafarroako Gobernuak aste honetan bertan jakinarazi du «laster» sinatuko duela elkarlanerako akordioa Portlandekin. Akordio horren arabera, industriako hondakin ez arriskutsuak, biomasa eta HEE hondakinetatik eratorritako erregaiak erraustuko lituzke zementu lantegiak. Foru gobernuak dioenez, «oso zabaldua» dago zementu fabriketan hondakinak erretzeko joera. «Iraunkorragoa» dela iritzi dio. Gainera, nabarmendu du horri esker plantak lanean jarraitzea bermatuko dela.
Kontrakoa uste du Hiru Mugak Batera-k, eta uste du legea urratzen duela egitasmoak: «Udalaren araudietan jasotzen diren segurtasun distantziak kontuan ez hartzeaz gain, zaborrak erretzeko planta bat egiteko ezarrita daudenak urratzen ditu».
Errauste planta egitea baztertu zuenean, Nafarroako Gobernuak agindu zuen gutxiago kutsatzen zuen aukera bat aztertuko zuela. «Baina hau ez da aukera hori. Ezin gaituzte bigarren mailako herritartzat hartu. Iruzurrez eta manipulazioez nazkaturik gaude». Eskandalutzat jo du egitasmoa: «Gure eta gure seme-alaben osasunaren gainetik pasatu nahi duen multinazional baten mesedetan ari dira».
Hiru Mugak Batera-k nabarmendu du egitasmoak kalte egiten diola inguruan «funtsezkoak» diren hainbat sektoreri: turismoa eta nekazaritza, besteak beste. Gainera, gogorarazi du eskualdeko udalen gehiengoa Portland-en, Olatzagutian, zaborrak erretzearen aurka dagoela. Herritarrei dei egin diete antolatzen diren protesta guztietan parte hartzera: «Erantzun sendo bat prestatu behar dugu».
Uztailaren 21ean erraustearen aurka protesta egingo dute Olatzagutian
Portland-ek eta Nafarroako Gobernuak jarrera «inposatzailea» dutela salatu du Hiru Mugak Batera-k
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu