Euskal presoak

Uztailaren 31n errepideetan presoen eskubiden aldeko kontzentrazioak egitea debekatu du Jaurlaritzak

Gidarien arreta desbideratu eta zirkulazio istripuak eragin ditzaketela dio Herrizaingo Sailak. Ezker abertzaleak debekua salatu du, eta PSE-EEren eta Jaurlaritzaren jarrera ez dela aldatzen kritikatu du.

2011ko uztailaren 22a
16:16
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, uztailaren 31an errepideetan presoen eskubideen alde kontzentrazioak egitea debekatu du. Ohiko ekitaldia izaten da hori, oporretarako irteera operazioa baliatuz, eta aurten herritar batek lau errepidetan biltzeko baimena eskatu zuen Araban: Lopidan N-1ean, Agurainen N-1ean, Asparrenan N-1 errepidean eta Urkabustaizen AP-8an.

Ohiko deialdia izan arren, Herrizaingo Sailak dio segurtasuna arriskuan jartzen duela deialdiak eta ukatu egin dio deitzaileari baimena. Zehazki, pankartek, pintadek eta pertsona pilaketak errepide sare nagusian egoteak gidarien arreta desbideratu dezakeela dio. Herrizaingo Sailak gaineratu du trafikoan eragin hori ez duten lekuetan egin daitezkeela bilkura horiek.

Ezker abertzaleak debekua salatu du, eta adierazi du argi dagoela zein den Patxi Lopezen "errezeta" aro berrirako: "torturekin jarraitzea, mobilizazioen debekuekin jarraitzea, eta, azken finena, zero tolerantzia". PSEk eta Eusko Jaurlaritzak herriaren gehiengoari errespeturik ez diotela salatu du, eta Madriletik iristen diren erabakien babesean aritzea leporatu diete. Gaur ezagutu diren Euskobarometroaren emaitzak horren ondorio direla esan du.

Horregatik, garai berrieki bat datozen politikari heltzeko eskatu die, oraingoarekiko erabat aldatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.