Ateak Ireki webguneak jakinarazi duenez, Maider Caminos, Aritz Azkona, Luis Goñi, Xabier Sagardui eta Mikel Jimenezen epaia uztailaren 3an aztertuko du Espainiako Auzitegi Gorenak.
"Iruñerriko herri harresia" antolatzeko lanean ari dira batzar eta lantaldeak, eta bihar agerraldi jendetsu bat egingo dute 11:45ean, Iruñeko Gaztelu Plazan, egoeraren berri emateko eta hainbat ekimen aurkezteko. Agerraldia jendetsua izan dadin, bertaratzeko deia egin dute.
Aste honetan bi bilkura antolatu dituzte. Lehenbizikoa gaur izanen da, Barañaingo kultur etxean. 19:00etan abiatuko dute batzarra, eta auzi ezberdinengatik espetxeratuak izan daitezkeen barañaindarren egoera azalduko dute. Bigarren bilera bihar izanen da, Zizurko kultur etxean, 19:30ean.