Patxi Lopez (PSE-EE) Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Miguel Sanz (UPN) Nafarroako Gobernukoa lehengo larunbatean ziren biltzekoak, biak kargu horretan daudenetik aurreneko aldiz, baina batzarra atzeratu egin zuten ostiralean, ETAk barikuan bertan Eduardo Antonio Puelles Espainiako polizia hil zuelako Arrigorriagan (Bizkaia). Uztailaren 3an bilduko dira, ostiralarekin, gaur jakinarazi dutenez.
Iruñean egingo dute batzarra, "azpiegitura, euskal kulturaren laguntza eta sustapena, eta telebista" gaiez hitz egiteko, Jaurlaritzak aurreko astean esan zuenaren arabera.
Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak zioen bilerak protokolo izaera izango duela, eta "bi erkidegoen arteko harremanak normalizatu" egin nahi dituztela, bide batez.
Lopez maiatzaren 5etik da Jaurlaritzako lehendakari, PPren babesari esker. Sanz 1996ko irailaren 18an izendatu zuten Nafarroako Gobernuko lehendakari lehen aldiz.
Sanzekin elkartu baino bi egun lehenago, Jose Luis Rodriguez Zapatero (PSOE) Espainiako Gobernuko presidentearekin bilduko da Lopez, Madrilen. Bien arteko lehen batzarra izango da.
Politika
Uztailaren 3an bilduko dira Lopez eta Sanz lehendakariak
Lehengo ostiralean ziren biltzekoak Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko buruak, baina batzarra atzeratu egin zuten, ETAren hilketagatik. Bien arteko lehen bilkura izango da. Lopez uztailaren 1ean Zapaterorekin elkartuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu