Kultura

Uztailean jakingo da Ekain, Altxerri eta Santimamiñeko margolanak Gizateriaren Ondare izendatzen dituzten

Izendapena jasotzeko azken fasean daude hiru kobazuloetako artelanak. Unescoren munduko batzordea uztailaren 2tik 10era bilduko da Quebecen, eta han emango dute ebazpena.

2008ko ekainaren 27a
14:20
Entzun
Gizateriaren Ondare izan daitezke Ekain (Zestoa, Gipuzkoa), Altxerri (Aia, Gipuzkoa) eta Santimamiñeko (Kortezubi, Bizkaia) margolanak, eta uztailean jakingo da hori hala den. Homo Sapiens espezieak duela milaka urte eginiko margolanak daude kobazulo horietan, eta uztailaren 2tik 10era Unescoren -Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundea- munduko batzordeak izendapen hori eman diezaieke; Quebecen bilduko da orduan Unesco.

Espainiako hamalau kobazuloetako margolanekin batera aurkeztu dira Euskal Herriko hautagaiak, Espainiako Kultura Ministerioaren ekimenez. Asturiasko (Espainia) Tito Bustillo, La Peña de Candamo, Llonin, Covaciella, El Pindal eta Kantabriako (Espainia) Chuflin, Hornos de la Peña, El Castillo, Chimeneas, La Pasiega, Las Monedas, El Pendo, La Garma eta Covalanas dira horiek.

Izendapena jasotzeko azken fasean daude margolan guztiak. Aurretik txosten administratibo bat jaso dute, eta baita, margolanak aztertu ondoren, Jean Clottes historiaurrean aditu eta Frantziako ondarearen kontserbatzaile orokorrak igorritako beste txosten bat ere.

Marcos Garcia Diezen arabera -historiaurrean aditua da-, margolan horiek “historiako kultur erakustaldirik garrantzitsuenetakoak” dira, eta Homo Sapiens espeziaren “lehenengo emanaldi artistikoak”.

Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailburua baikor agertu da Gizateriaren Ondare izendapena lortzeko aukerarekin, 2004an prozesua hasi zenetik hona lan “ona” eta “sakona” egin baita haren iritziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.