Uztaileko prezioak apaldu ditu merkealdiak, baina urte arteko inflazioa %3,8an dago

Sindikatuek diote familien zorpetzea arazo larria dela, eta beharginak erosteko ahalmena galtzen ari direla

IVAN OCIO BILBO
2006ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Jantziak eta oinetakoak izan ezik, ia dena garestiago. Kontsumo Prezioen Indizeak (KPI) behera egin ohi du merkealdi garaian. Uztailean, nabarmen, Hego Euskal Herrian. Baina %0,5 jaitsiera ez da nahikoa izan inflazioaren gorakada mozorrotzeko: %1,4 igo da urtarriletik hona, eta %3,8an dago urte artekoa. Beharginek erosteko ahalmen txikiagoa dute egunez egun, sindikatuen arabera. Ezinbestekoa iritzi diote soldatak gutxienez KPI bezainbeste igotzeari. Kezkatuta daude, gainera, gaur-gaurko hazkunde ekonomikoaren oinarriak kolokan jartzen dituelako prezioen gorakadak.

Berehalako neurriak hartzeko eskatu dio Euskadiko CCOOk Administrazioari: «Ezin du arazoa larriagotzen utzi. Ezin du aitzakia moduan erabili petrolioaren garestitzea». Garraioak %0,8 garestitu dira uztailean. Etxebizitzen prezioak ere gora egin du herrialde guztietan ala guztietan. Baina aisialdia eta kultura igo dira gehien: %1,8 Nafarroan, %1,7 Bizkaian eta %1,5 Gipuzkoan eta Araban. Neurri bertsuan handitu dira jatetxeen eta hotelen prezioak.

Kezkatuta dago CCOO. «Familien zorpetzea eskura duten errentaren %120koa da une honetan». Azaldu du ahal baino gehiago gastatzen ari direla, eta «etorkizuna are laino beltzagoez» beteko duela diruaren garestitzeak. Ildo beretik jo du LABek. Datutan laburbildu du inflazioaren bilakaera ezkorra:«KPI %0,45 inguru igoko zatekeen, jantziak eta oinetakoak kanpoan utziz gero». Nolabait prezioen gorakadari eusteko, inflazioaren gainetik dauden soldata igoerak eskatzeko deia egin du.

«EGITURAZKO ARAZOA». UGTk ere negoziazio kolektiboa aipatu du inflazioari aurre egiteko tresnatzat. «Eskasegiak» baitira Espainiako Gobernuaren politika makroekonomikoak. «Egiturazko arazoa» da KPIren igoerarena eta Administrazioari ez ezik, ugazabei exijitu die konponbideak martxan jartzeko. «Kalitatean eta berrikuntzan aurrerapausoak emateko ezdeusak diren merkatuak arautu behar ditu Gobernuak, eta etekinak prezioen igoeraren bidez loditzeari utzi behar diote enpresek».

UGTk ezinbestekoa deritzo ikerkuntzan eta garapenean inbertitzeari. Baita enplegu «hobea» eta prebentzioa bultzatzeari. «Ekoizpen eredua aldatu behar dugu inflazioa murrizteko».

Espainiako Ekonomia Ministerioak, ordea, ez du uste prezioena egiturazko arazoa denik. «Udak eta nazioarteko egoerak» eragin omen dute igoera. Petrolioaren garestitzeaz hitz egin du, alde batetik, eta elikagai freskoen eta zerbitzuen eskariaren gorakadaz, beste aldetik. Urtarriletik hona %1,7 handitu da inflazioa Espainian, eta Ekonomia Ministerioak dio tasa horren %56 energiari lotuta dagoela: «Petrolioa %33 garestitu da lehenengo seihilekoan».

Inflazioak behera egingo duelakoan dago. Merkataritza ganberak ere bai. «Prezioak mantsoago igoko dira hurrengo hiletan».

Datua

%0,5 Inflazioa, uztailean, %0,5 jaitsi zen Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaian. Urtarriletik hona %1,6 garestitu da Kontsumo Prezioen Indizea Hego Euskal Herrian, eta urte arteko inflazioa %3,8koa da.

«KPI, uztailean, %0,45 inguru handituko zatekeen, jantzien eta oinetakoen eragina baztertuz gero»

LAB«Espainiako Gobernuak ezin du arazoa larriagotzen utzi, ezin du petrolioa aitzakia moduan erabili»

CCOO«Etekinak prezioen garestitzearen bitartez loditzeari utzi behar diote enpresaburuek»

UGT«Hazkundea udak eta nazioarteko egoerak eragin dute: elikagai freskoek, zerbitzuek eta petrolioak»

ESPAINIAKO EKONOMIA MINISTERIOA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.