Beste gaztetxe bat hustu dute Bilbon. Santutxuko Uztaldiren txanda izan da oraingoan. Atzo goizean goizetik, zazpiak alderako, ertzainak eta langile batzuk joan ziren gaztetxera, Iturriaga kaleko 14. zenbakira. Hustu, eta adreiluz guztiz itxi dute. Hala gelditu da, hormatuta. Hamar urtez itxita eta erabilerarik gabe egon zen lokala, harik eta Santutxuko gazte batzuek lekua hartu zuten arte. Bi hilabete eskas egin ditu zabalik Uztaldik; okupatu eta laster inauguratu zuten, uztailaren 13an.
Lokalaren jabeek eskatua zuten gaztetxea husteko, eta epaileak horretarako agindua emana zuen, hil honetan bertan. Gaztetxeko kideek aurreko astean ohartarazi zuten lokala husteko arriskuaz, eta atzo gertatu zen iragarritakoa.
Gaztetxeko kideek batzarra egin zuten atzo arratsaldean, aurrerantzean zer egin aztertzeko, eta 20:00etan, manifestazioa. Lokala itxi izana salatu zuten protestaldian. Gaztetxea okupatu zutenean, udalak auzoan ematen ez dituen zerbitzuak autogestioaren bidez ase nahi zituztela azaldu zuten gazteek. Gaitzetsi zuten, bestalde, legeek «espekulatzaileak» babesten dituztela.
Gaztetxea hustu eta hormaz ixtea gaitzetsi dute Bilduk eta Euskadiko Gazte Kontseiluak. Horrelako lokalak hamar urtez hutsik edukitzea eta inork erabilera bat ematen dienean Polizia bidaltzea «onartezina» dela adierazi du Bilduk. Udalak Bilboko auzoetan dauden beharrizanei sarri ez diela erantzuten uste dute Bilduko zinegotziek, horregatik sortzen direla Kukutza, Patakon eta Uztaldi gaztetxeen antzeko proiektuak.
EGK Euskadiko Gazte Kontseiluak, berriz, nabarmendu du «herritartasun aktiboa» sortzeko beharrezko tresna direla gaztetxeak, gazteei parte hartzeko eta autoantolatzeko aukera ematen dielako. Halako egoitzek hamarkada askotako historia dutela eta gazteentzako heziketa baliabide garrantzitsua direla uste du gazte kontseiluak. Aldi berean, ohartarazi dute administrazio publikoek ez dietela gazteen «behar, nahi, kezka eta errealiateei» erantzun egokia ematen beti. Horrenbestez, gaztetxeak «beharrezkoak» direla esan du, eta gaztetxeen alde mobilizatzera deitu du.
Uztaldi gaztetxea hustu eta adreiluz itxi dute, Santutxun
Bilboko auzoko gazteek lanean jarraituko dutela esan dute; hamar urtez hutsik egon da egoitza, bi hilabetez okupatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu