EUSKARA

Uztaritze salatuko du suprefetak, euskara ofizial izendatzeagatik

"Frantsesaren hein berean" jarri du euskara herriko etxeak. Suprefetak ohartarazi du legez kanpokoa dela erabaki hori.

Uztaritzeko Herriko Etxeak hartu du euskara hizkuntza ofizial izateko erabakia. HARRIETA171
2014ko ekainaren 28a
15:39
Entzun

Uztaritzeko herri kontseiluak hartu du erabakia, eta Iparraldeko lehen herria da horrelako ekimen bat onartzen duena. Gehiengoz onartu dute euskararen ofizialtasuna, 22 botorekin; lau boto izan dira kontra, eta beste hiru abstenitu egin dira.

Hala azaldu dute onartutako testuan: "Kontuan harturik euskara gure herriko eta lurralde honi izena ematen dion hizkuntza dela baina euskaldunen hizkuntza eskubideak, gaur arte, ezagupen ofizialik gabe daudela, herriko biltzarrak azalpena entzun eta eztabaidatu ondoren, euskara herriko hizkuntza ofizial izendatzen du frantsesaren hein berean".

Patrick Dallennes Baionako suprefetak jakinarazi du erabaki hori epaitegira eramango duela, "guztiz legez kanpokoa eta konstituzioaren kontrakoa" delakoan.

Bruno Karrere abertzalea da Uztaritzeko auzapeza. Martxoko udal bozetan bera zerrendaburu zuen Uztaritze Bai hautagaitzak lortu zuen boz gehien, eta 29 kontseilaritik 22 zerrenda abertzalekoak dira. Horrela, Auzapez abertzalea duen Iparraldeko hiri handiena da.

Auzapez izendatzeko lehen herri kontseilua aitzin, elkarrizketa egin zion Iparraldeko Hitza-k; euskararen gaiaz galdetuta, adierazi zuen Uztaritzen berean "estatutu bat" eman nahi ziotela, ordura arte ez zela "deus kasik", eta "herriko bizian" euskara sartu nahi zutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.