Atzo gauean Uztaritzen (Lapurdi) aurkitu gorpuaren inguruan ez du elementu berririk eman Vuelta Simon prokuradoreak. “Hipotesirik ez dugu baztertzen, beraz, denek zabalik segitzen dute”, jakiterat eman du. Bordelen autopsia egiten ari zaizkio gorpuari; ez da jakina, beraz, bortxaketarik egon ote den. “Heriotza, seguruenik, jaso kolpeengatik izan da, edo ahoan zeraman mozalak eragin asfixiagatik ere izan daiteke”. Borroka arrastorik izan ote den ezin dutela erran azaldu du: “Arrastoak badira baina goizegi da borrokarik egon den jakiteko”. Aterik edo leihorik hautsirik ez dela azaldu ere erran dute jendarmeen buruek.
Hilik aurkitu duten emakumeak 23 urte zituen, Beziers hirikoa zen jatorriz, eta haurdunaldiko zortzigarren hilabetean zegoen. Biluzik eskuak zein zangoak loturik aurkitu zuen atzo gauean bikotekideak. Abisua jaso eta gero Uztaritzeko etxera bertaratu ziren jendarmeak eta medikuak gizona “shock egoeran" zegoela azaldu dute. Sostengu psikologikorako talde berezitu batek beregain hartu du. Zendu den haurraren aita dela azaldu die jendarmeei.
Gorpua aurkitu orduko 50 militar mobilizatuak izan dira, Paueko zein Baionako jendarmeriakoak. Oso elementu gutxi dituztela azaldu dute, eta autopsiarekin gehiago jakingo dutela.