Vahan Sarkisian ohorezko euskaltzain armeniarra hil zen lehengo ostiralean Erevanen, bihotzekoak jota, Euskaltzaindiak gaur jakinarazi duenez. 2002ko azaroaren 29tik zen ohorezko euskaltzain, eta 55 urte zituen.
Vahan Sarkisian Erevanen sortu zen, 1954ko martxoaren 12an. Filologia Zientzietan doktorea zen. Erevan hiriburuan Estatuko Unibertsitateko irakaslea zen, baita Filologia Erromanikoko katedraren zuzendaria ere. Armeniera-euskara Estudioen Sailaren sortzaile eta irakaslea zen Sarkisian, eta Araxes izeneko armeniera-euskara nazioarteko aldizkariaren sortzaile eta zuzendaria.
Euskaratik zein espainieratik armenierara hainbat idazlan itzuli zituen; besteak beste, Peru Abarka eta Tormesko itsu-mutila. "Euskal Herriaren eta Armeniaren arteko lotura kultural eta linguistikoak aztertzearen eta sakontzearen aldeko zen", dio Euskaltzaindiak. Euskal kulturaz eskolak ematen zituen unibertsitatean, eta azken urteotan euskara ikastaroak ere bai. Harreman handia izan zuen Jose Mari Satrustegi zenarekin.
Fontes Linguae Vasconum aldizkarian maiz idatzi zuen. Horretaz gain, artikulu ugari argitaratu zuen Armeniako, Errusiako, Argentinako eta Frantziako hainbat aldizkaritan.
euskara
Vahan Sarkisian ohorezko euskaltzain armeniarra hil da
Bihotzekoak jota zendu da 55 urteko hizkuntzalaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu