Valentziako Pirofantasia su etxeak irabazi du (Herrialde Katalanak) Donostiako Su Festen Nazioarteko 50. edizioko Urrezko Maskorra. Epaimahaiaren iritziz, "hasi eta buka, artelan paregabea" egin zuten, eta aireratutako ezaugarri guztiak "goi mailakoak" zirela baieztatu dute —bai erritmo aldetik, bai originaltasunaren aldetik—. Epaimahaiak aho batez erabaki du Pirofantasia etxea irabazlea izatea. Nerea Txapartegi Donostiako Udaleko euskara arduradunak eman du erabakiaren berri, eta "maisulana" dela adierazi du. Txapartegik jakinarazi duenez, epaimahaiak eta herritarrek bat egin dute su etxerik onena zein izan den erabakitzeko unean.
Bigarren saria ere Valentziara joan da, Ricasa su etxeak eskuratu baitu postu hori. "Bilduma atsegina eta hunkigarria" erakutsi zutela uste du epaimahaiak: "Amaierako burrunba ere bikaina: Valentziako tradizioa erakutsi zuten suen bitartez".Gazteen Euskaltel saria ere Ricasa etxeak irabazi du.
Hirugarren saria Portugalgo Luso etxeak lortu du, emandako "kolore ikuskizun distiratsuagatik": "Bizipoza erakutsi zuen, eta espazioaren erabilera egokia egin zuen".
Txapartegik adierazi du aurtengo txapelketan parte hartu duten su etxe guztiek urteurrenari keinuak egin dizkiotela, urteurrenaren zenbakia aireratuz, adibidez. "Inoiz baino maila hobea" izan dute aurtengo su festek, Txapartegik adierazi duenez, eta gaur bukatuko den Aste Nagusiaren balorazio labur bat ere egin du: "Ahaztezina izan da".
Hereneguko su festen kronika, hemen.