Vallsen hitzak «arduragabeak» direla azpimarratu du Batera plataformak, eta Barne ministroa haren izenean edo gobernuaren izenean mintzo den galdetu dio François Hollande Frantziako presidenteari. «Deszentralizazio ministroaren hitzordutik ateratzean pentsatzen ahal zen frantses gobernuak begi onez segitzen zuela Iparraldean izaten ari den lan adostua; Vallsen hitzek kontrakoa erakusten dute», dio Baterak.
Aipatu galderaz gain, bertze hiru galdera egin dizkio Baterak Hollanderi: ministroak neurtzen ote dituen hitzen erran nahia, lotzen dituelarik lurralde elkargoaren aldarria eta borroka armatua; nori sinetsi behar zaion, Deszentralizazio ministroari, zeina Ipar Euskal Herrira jinen den gai hori tokiko hautetsiekin lantzera ala Vallsi, zeinak Frantziaren erabakiak Espainiako komunikabide batean plazaratzen dituen. Bukatzeko, Ipar Euskal Herriko gaiak Madrilen edo Parisen erabakitzen diren argitzeko eskatu dio plataformak Hollanderi.
Pausatu dituen galdera guztiei eperik laburrenean erantzun argi bat eman diezaiola eskatu diote Frantziako presidenteari. Bide batez, gogoratzen diote Baterak borondate osoa duela lurralde elkargoaren aldarria bururaino eramateko. «Hautetsien Kontseiluak eta Garapen Kontseiluak eramaten duten lanak aitzina segitu behar du», dio Baterak.
Indarrak metatzen
Baterak azpimarratu du azken aste eta hilabeteetan ugaritu egindirela lurralde elkargoaren aldeko sostenguak. «Garapen Kontseiluaren, Garapen Kontseiluaren, Baionako Merkataritza eta Industria Ganberaren eta Batera plataformaren erabakien bidez, gizarte zabala aldarrikapen horren alde agertu da». Lan hori adostasunean ehundu eta zabaldu dela gogoratu du Baterak, gogoratuz Ipar Euskal Herriko hautetsi talde zabala, alderdi ezberdinetako kideek osaturik, bildu zela Parisen Marylise Lebranchu Deszentralizazio ministroarekin. Proposamenak bide egin zezakeela edo Ipar Euskal Herriak «aitortza» ukanen zuela eman zuten aditzera Lebranchuren hitzek orduan.
Vallsen hitzek lurrikara eragin dute eta Frantziako gobernuaren jokamoldea susmopean ezarri. eta Vallsek hori suspertu du. «Argi ikusi da ez dela argudio zentzudunik Lurralde Elkargoaren kontra agertzeko» gaineratu du Baterak. «Instituzioaren gaia, bizikidetza edo euskal preso eta iheslari politikoen egoera bezala ezin da lotu ETAk armak emateari» dio Bake Bidea mugimenduak. Ohartarazten du Frantziaren jarduna traba izan daitekeela abian den bake prozesuan, Vallsen adierazpenak eta polizia operazioak gogora ekarriz.
Valls gobernuaren izenean mintzo den galdetu du Baterak
Lurralde elkargoaren sorrera eta borroka armatua lotzearen ondorioak neurtu ote dituen galdetu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu