Jean-Jacques Laserre Modemeko hautetsiaren esanetan, Frantziako Barne ministro Manuel Vallsek lurralde elkargoaren eskariarekiko izandako jarrerak erakusten du Euskal Herriaz duen ezagutza falta. "Bi gauza nahasten ditu", esan du Laserrek.
Frantxua Maitia Alderdi Sozialistako kide eta Akitaniako kontseilari nagusiordeak, berriz, esan du Vallsen argudioak ez direla "onargarriak", eta gaineratu du ETAk behin betiko eten duela bere jarduera armatua. Vallsek ETAri erreferentzia egin izana gaitzesten duela esan du Maitiak, eta gaineratu du ez diotela uko egingo lurralde elkargoaren aldarrikapenari, "iraultza frantsesetik datorrelako".
Manuel Valls: "Ez da administrazio egiturarik izango Ipar Euskal Herrian"
Argi mintzatu da Frantziako Barne ministro Manuel Valls Ipar Euskal Herrirako egitura politiko baten inguruan, El País egunkariak gaur argitaratutako elkarrizketa batean. Ipar Euskal Herriko diputatu eta senatari guztiek bat egin zuten aldarriarekin irailaren 13an, baina gutxietsi egin ditu, "batzuk" direla esanez.
"Diputatu eta alkate batzuek euskal lurralde elkargo bat eskatu dute. Senatuan esan dut zer pentsatzen dudan: ez da Ipar Euskal Herririk egongo hurrengo Deszentralizazio Legean. Ez da euskal administrazio egiturarik izango; ez dugu eztabaida hori ireki nahi".
ETAk urratsak egitera baldintzatu du Vallsek lurralde elkargoaren eskaera: "Oso garbi dauzkagu gauzak, eta ETAk armak uzten ez dituen bitartean, ez gara malguak izango".
"Prozesu politiko bat"
Barne ministroak aitortu du Euskal Herrian badela "prozesu politiko bat", baina erantsi du "Espainiaren arazoa" dela. Gainera, presoak gerturatzeaz esan du epaileek har dezaketela erabaki hori baina Frantziako Gobernuak "oso jarrera gogorra" duela alor horretan Korsikako presoekin.
"Espainiako prozesu politikoan aldaketarik badago, guk bide horri jarraituko diogu. Erabakitzen duena erabakitzen duela, Espainiako Gobernuari jarraituko diogu".